2019 urteko aurrekontuak onartuta

2018ko Azaroak 30
Aurrekontuak 2019

Oinezkoentzako bidearen eraikuntza, zigzagean, Villa Bat eta gaur egun eraikitzen ari diren lehenengo igogailuaren pasabidearen artean izango da 2019ko proiekturik garrantzitsuena

Era berean, kultura eta kirola sustatzeko diru partidak handitu eta horri esker, ur-jokoak jarriko dira Altzateko igerilekuan, gaur egungo skate park-a hobetuko da eta kirol ekipamenduak berrituko dira

Atzoko Osoko Bilkuran, Euskararen erabilera normalizatzeko Plan Estrategikoa eta Kudeaketa Plana, Herrikide zerbitzuaren araudia eta hainbat adierazpen instituzional ere onartu ziren

Atzoko Osoko Bilkuran datorren urterako aurrekontuak aldaketarik gabe onartu ziren, EAJ-PNVren eta PSEren aldeko botoekin eta EH Bildukoren aurkako botoekin.

8.717.000 euroko aurrekontua:

Lezok 8.717.000 euroko aurrekontua izango du datorren urtean; horietatik 691.000 euro inbertsiotara bideratuko dira.

Berriro ere, udalerriaren irisgarritasuna hobetzea lehentasuna izango da eta horregatik, hurrengo urtean egingo den hirigintza proiektu nagusiena oinezkoentzako bidearen eraikuntza izango da, zigzagean, Villa Bat eta eraikitzen ari diren lehenengo igogailuaren pasabidearen artean eraikiko dena. Proiektu honek Lezoko erdigunea eta Altamirako polikiroldegia lotuko ditu eta beraz, zonaldearen irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetuko ditu, eta igogailua eta pasabidea eraikita, proiektua osotasunean amaitutzat emango da.

Kultura eta kultur jarduerak sustatzea lehentasunezkoa izango da Udalarentzat, baita datorren urtean ere. Modu berean, herritarren artean ohitura osasungarriak sustatzea, bereziki, herritarren zahartze aktiboari begira, eta aisialdiari eta kirolari lotuta aukera berriak eskaintzea ere lehentasunezkoa izango da 2019an. Horregatik, kultura eta kirolari lotutako diru partidak handitu dira.

Gauzak horrela, Kulturak jaietarako eta kultur jardueretarako aurrekontu handiagoa izango du eta Kirol sailak ere adineko pertsonen ongizatea hobetzea helburu duten ekimenak aurrera eramateaz gain – Tipi, topa, kirol orientazio zerbitzua…- 100.000 euroko diru partida gehigarria izango du Altzate igerilekuetan ur-jolasak eraikitzeko, gaur egungo Skate Park-a hobetzeko eta kiroldegiko ekipamenduak berritzeko (fitness makinak).

Halaber, Enplegu Planak ere diru lerroa izangoa du, Garapen Agentziak enplegua eta ekintzailetasuna sustatuko dituzten ekimenak aurrera eraman ahal izateko eta langabezian dauden lezoarrei lan aukera berriak eskaintzeko. Eta bukatzeko, gizarte programa, zerbitzu, prestazio eta laguntzei bideratutako diru-lerro guztiak mantenduko dira, adibide modura Bidez-Bide garraio zerbitzua, Altamira auzoan edo Lezoko landa-eremuan bizi diren pertsonak, adindunak edo mugikortasun mugatua dutenak herri erdigunera gerturatzeko. Gainera, mantenu lanak ere gauzatuko dira (errepide eta ibaien garbiketa, lorezaintza, saneamendua, argiztapena, asfaltatze lanak ...) lezoarrei herri garbi eta atsegina eskaintzen jarraitzeko.

Euskararen erabilera normalizatzeko Plan Estrategikoa eta Kudeaketa Plana, Herrikide zerbitzuaren araudia eta hainbat adierazpen instituzional ere onartuta:

Atzokoan ere aho batez onartu ziren 2018-2022 aldirako Euskararen normalizaziorako Plan Estrategikoa eta Kudeaketa Plana. Sail bakoitzaren egoerari buruzko analisian oinarriturik, lortu beharreko helburu estrategikoak eta zehaztutako epean jarraitu beharreko irizpide linguistikoak ezarri dira.

Planaren helburu nagusiak dira:

- Herritarren harremanetan euskara zerbitzu hizkuntza izatea bermatzea, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuz beti ere.  

- Beste administrazioekin erabilitako hizkuntza euskara izatea bermatzea.

- Administrazioan euskara lan hizkuntza izatea bermatzea.

Gainera, "Herrikide" adinekoentzako eguneko arreta zerbitzuaren arautegia onartu zen atzo; legeak ezartzen baitu zerbitzu hori, aurrerantzean, Udaleko gizarte zerbitzuek eskaini behar dutela, eta horretarako beharrezkoa da, martxan jarri aurretik, zerbitzu berriaren kudeaketa eta funtzionamendu eredua zehaztea. GAOn argitaratu ostean eta jendaurrean dagokion denboran egon ondoren,  helegiterik ez bada, arautegia behin betikoz onartua izango da eta Udalak zerbitzu berria martxan jarri ahal izango du.

Azkenean, aho batez onartu ziren hainbat adierazpen: Haurren Munduko Eguneko (azaroak 20) ??adierazpen instituzionala, Emakumearen aurkako Indarkeriaren Nazioarteko Eguneko adierazpena (azaroak 25), Euskararen Egunekoa (abenduak 3) eta pertsona nagusien balioak eta eskubideen denfentsarena.

Bidali iruzkin berria

Eremu honetako edukia pribatua da eta ez da webgunean erakutsiko
Spamaren kontrako filtroa
Galdera hau SPAMa saihesteko baino ez da. Idatzi mesedez kopurua zenbakiak erabiliz.

Lan-Eskaintzak

Ez dago emaitzarik

Faktura Elektronikoa

NireOrdainketa

Administrazioarekiko ordainketak Internet bidez egiteko zerbitzua:
NireOrdainketa logoa

Diru laguntzak

Kontsultatu hemen diru laguntzak

Udal tramiteak

  • Udalak herritar guztien eskura jarri du atari hau, kontsulta eta eragiketa pertsonalak udaletxera joan gabe egin ahal izateko.
    Gehiago irakurri

Eskaera orria


  • Eskeraren bat egin nahi izanez gero, etxean bertan bete dezakezu dokumentua eta ondoren udaletxera eraman.
    Eskaera orria deskargatu

Eskakizunak eta Iradokizunak

Theme by Danetsoft and Danang Probo Sayekti inspired by Maksimer