Eskolako Agenda 21, Ikastetxetik udaletxera

Az, 2015-05-20 13:50

Eskolarteko Foroan hartutako konpromiso eta zehaztutako eskaerak izango dituzte hizpide

Aurreko urteetako ohiturari jarraituz, Lezoko Herri Eskolako, Lezo Institutuko eta Pasaia-Lezo Lizeoko ikasle eta irakasleen ordezkariak 2014/2015 ikasturteko amaierako Eskolako Agenda 21en topaketetan elkartu dira.

Aurtengoan, eskoletan ELIKADURA IRAUNKORRA izan dute ardatz eta osasuna zein elikatzeko ohituren inguruan jardun dute: hamaiketako egokia egiten duten, ondo gosaltzen al duten, jatorduak senideekin egiten dituzten, etab.

Eskolarteko Forotik Udalbatzara
Astearteko foroan ikastetxeetako ordezkariek ikasturtean egindako lanketaren ondorio diren konpromisoen eta Udalari aurkeztu dizkioten eskaeren zerrendak lehenetsi zituzten, eta horretaz gain, Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten eragileen (ikasleak, irakasleak, irakasle ez diren eskolako langileak, gurasoak, Udala) partaidetza nolakoa izan den baloratu zuten. 

Ostegunean, maiatzaren 21an, berriz, eskoletako ordezkariak Lezoko udaletxeko Udalbatza aretoan elkartuko dira, ikasturtean zehar elikadura iraunkorraren inguruan egindako ekimenak azaldu eta astearteko saioan erabakitakoaren berri ematera. Udalari aurkeztuko diotenaren zatitxo bat aurreratu digute, besteak beste:

  • Ikasleen konpromisoak: egunero kirol pixka bat egitea; ura neurriz edatea; eskolara abiatu aurretik gosaltzea; …
  • Udalari zuzendutako eskaerak: herriko azoka mantentzea eta indartzea; bertako produktuen kontsumoa sustatzea; kalean inguruetako ekoizleen esnea eta esnekiak saltzeko makina jartzea aztertzea, …

Bestalde, Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten eragileek (ikasle, irakasle, eskolako langile, guraso eta Udala) 2014/2015 ikasturtean izandako partaidetzaren balorazioa egin dute. Orokorrean ikasleen, irakasle ez diren eskolako langileen eta Udalaren parte-hartzea egokia izan dela iritzi diote, nahiz eta azken biek pixka bat hobetu dezaketen. Eskolako Agenda 21en gaian irakasle eta gurasoen partaidetza, berriz, erdipurdikoa dela adostu dute, eta beraz, hobetu beharrekoa litzateke.

Amaitzeko, datorren ikasturtean ELIKADURA ETA HONDAKINAK landuko dutela adierazi dute.

Arloa edo saila