Zarata-mapa eguneratzen hasiak dira

Og, 2015-05-28 11:56

Portu inguruko bizilagunekin bilera egingo da ekainaren 2an

Lezoko Udala zarata-mapa eguneratzeko lanak egiten hasi da. ACC Acustica enpresako teknikariak neurketak egiten hasiak dira; horretarako, Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailaren 12.750 euroko diru-laguntza jaso du. Lanek, orotara, 20.570 euroko aurrekontua dute –BEZ barne–.

Zarata-maparen eguneraketa udalerri osoan egingo da, arreta berezia jarriz Pasaiako portuan eta inguruan, Udal ordezkariak kezkatuta baitaude portuak sortzen duen kutsadura akustikoarekin. Hori dela eta, Pasaiako Portuari baimena eskatu zaio neurketa portuan bertan egiteko, eta bertako agintariek neurketa egitea baimendu dute.

Azterketa amaituta, emaitzak ezagutzen direnean hartu beharreko neurriak zehaztuko ditu Udalak.

Bizilagunekin bilera
Ahalik eta informazio gehien jasotzeko helburuarekin, Udalak portu inguruko bizilagunen iritzia jaso nahi du –joan den urteko urriaren 22an informazio bilera egin zuten bertako bizilagunekin–. Eta bilera deialdia luzatu du datorren astearterako, ekainaren 2rako. Bilera Kultura aretoan egingo da, 19:00.

Bertan, prozesuaren nondik norakoak azaltzeaz gain, bizilagunen ekarpenak jaso nahi dira. Besteak beste, portuko lan jardunak sortzen duen kutsadura akustikoa identifikatu nahi da, zein ordutan ematen den, kutsadura akustikoaren maila, eta abar.
 

Arloa edo saila