Bela, Udako Kirol Jarduerako nobedadea

Az, 2015-06-24 16:22

Bekoerrota eta Altzaten hamar kirol jarduera egiteko aukera izango da

Udako Kirol Jardueren Programa martxan da. Eskualdeko Kirol Mahaiak eskaintza oparoa prestatu du, eta momentuz behin betiko daturik ez dagoen arren, lehenengo balorazioa positiboa da kopuruz joan den urteko parte-hartze mailara iritsi direlako.

Aurtengo nobedade nagusia Bela Ikastaroa da. Urte asko joan dira azkenekoz bela ikastaroa egin zenetik, eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, “prezio erakargarrian” emateko aukera izan dute Club Nautico Hondarribiak egin duen “esfortzu eta apustuagatik eta Oarsoaldeko Udalek egindako ekarpenari esker”.

“Barrakero” modalitateko –begiralea ontzi barruan joaten da– ikastaroak izango dira soilik. Modalitate gehiago ematea zen asmoa, baina badiako ohiko jarduerak ez du aukerarik eman. 

Oarsoaldea mailako eskaintzan sartzen da, piraguismoarekin, arraunarekin, urpeko bataioarekin, urpekaritzarekin, skatearekin, BTTarekin, eskaladarekin, familiako lerro irristaketarekin eta Denok Dantzara dinamikarekin batera.

Gainontzean, Lezon bertan askotariko kirolak egiteko aukera izango da Bekoerrota eta Altzate kiroldegietan: esgrima, roller, top-kirola, igeriketa, zirko tailerra, gimnasia erritmikoa, ura (osasun ongizate), igeri klinika, urperaketa, aquafit eta aqualatino.

Azken urteotan gertatu den bezala, Topkirolak, kirol jarduera ezberdinak jasotzen dituen hiru orduko kirol eskaintza, arrakasta handia izan du eta lehenengo bi taldeak bete egin dira.

Izena emateko aukera
Kirol sailetik jakinarazi dutenez, oraindik ere badago ikastaro hauetan izena emateko aukera. Eskuorri honetan informazioa eta izena emateko telefono zenbakiak aurki ditzakezue.
 

Arloa edo saila