KoopFabrika programa martxan otsailaren 1ean

Az, 2017-01-18 14:11

KoopFabrika ekintzailetza sozialerako programa da, Oarsoaldean eskaintzen den lehena. Formakuntza, saretzerako laguntza eta proiektuen jarraipena eskaintzen ditu. Beste eskualdeetako aurrekari eta esperientzietatik abiatuta jauzia eman eta aurten hiru eskualdetan burutuko da programa modu bateratuan: Debagoienan, Beterri-Buruntzan eta Oarsoaldean estreinakoz.

Ekintzailetzari eduki sozial, kooperatibo eta eraldatzailea eman nahi dio KoopFabrikak, tokian tokiko sareen garrantzia abiapuntu hartuta. Horretarako hiru profiletako jendeari zuzentzen zaio programa:

• Proiektu edo ideiaren bat lantzen edo martxan jarri nahian direnak.

• Orain arte elkarte forman jardunean aritu arren, profesionalizatu edo beste era batera antolatu nahi duten taldeak.

• Enpresen baitako barne-ekintzailetza proiektuei dimentsio sozialetik ekiteko asmoa dutenak.

Formakuntzan arlo teoriko komuna lantzeaz gain, ekintzailetza sozialerako tresnen erabilpenean trebatu, martxan diren egitasmoei bisitak egin eta KoopFabrikatik irtendako proiektuei tutoretza eskainiko zaie garapen eta saretzerako. Programan parte hartzea doakoa da baina plaza mugatuak daude. Datozen asteetan partehartzaileekin elkarrizketa fasea irekiko da, otsailaren 1ean formazioari hasiera emateko. Horregatik dei egin nahi diegu Oarsoaldean proiektu bat elkarlanean garatu nahi duten pertsona, talde edo enpresei formazio eta saretzerako tresna izan nahi duen Koofabrikan izen ematera.

Proiektua Mongragon Unibertsitateko Lanki Ikertegia eta Olatukoop Interkooperatibismoa eta Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzeko sarearen elkarlanetik sortu da, tokian tokiko eragileen laguntzaz eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantziazioarekin. Gurean zehazki Oarsoaldea Garapen Agentziaren parte-hartzearekin eskualdeko ekintzailetza sozial programaren lehen edizioa egingo da.

KoopFabrika.eus | #KoopFabrika
Proiektuaren inguruko berri izateko, garatzen den neurrian jarraitzeko edo izena emateko webgunea jarri dugu martxan: http://koopfabrika.eus Twitter, Facebook eta Instagramen ere proiektuaren egunerokoaren berri izateko aukera izango dute interesatuek.

Uste dugu interesgarria izan daitekeela aurreko urtetan gure eskualdean formazioa jaso duten pertsonek edo sortu diren proiektuek beraiek ere zuei modu zuzenean esperientzia kontatzea. Hauekin harremanetan jartzeko edo gaiaz luze eta sakonago aritzeko jarri gurekin kontaktuan:

Beñat Irasuegi
oarsoaldea@koopfabrika.eus
koopfabrika.eus/
Tel. 943 013 297

 

 

Arloa edo saila