Kafea eta tertulia, beti natural

Az, 2017-05-17 11:09

Kafetegiei zuzenduriko ekimenen aurkezpena

Urteak dira, hogei bat gutxienez, Oarsoaldeko lau udalak, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, merkataritzan eta ostalaritzan euskararen normalizazioa sustatzeko elkarlanean ari direla. Establezimendu hauei, euskararen presentzia handiagoa helburu, doako zerbitzu eskaintza zuzendu zaie (itzulpenak, maketazioa, pasaia linguistikoa euskalduntzeko euskarri desberdinak, aholkularitza teknikoa…).

Urtero, halaber, merkataritza sektore jakin batekin lanketa berezia egin ohi da. Gaur aurkeztu dituzte, hain zuzen ere, Lezoko Taloka kafetegian, 2017an Oarsoaldea eskualdeko kafetegiei zuzenduko dizkieten ekimenak -Jesus Maria Martiarena, Lezoko alkatea, Nahikari Otermin, Pasaiako zinegotzia, Ioritz Aizpuru, Oiartzungo zinegotzia, Garazi Lopez de Etxezarreta, Errenteriako zinegotzia, Imanol Iparragirre, Errenkoalderen ordezkaria, Oskar Zapirain, Iturriren ordezkaria eta Juan Manuel Pérez, Laurak Bateko ordezkaria-.

“Kafea eta tertulia beti natural” izeneko ekimenean parte hartu nahi izan duten establezimenduei jendaurreko idatzi eta oharrak euskaratu zaizkie maiatzera bitartean. Maiatz hasieran kafeen karta erraz bat azaltzen duen panelak banatu zaizkie, kafeen irudi eta izenekin. Ekainean azukre zorroak banatuko dizkiete kafetegiei bezeroei kafea gozatzeko zerbitza diezazkieten.

Uztailera bitartean sare sozialetan ere sustatuko da ekimen hau eta kafetegietan egindako argazkiak bidaltzen dituzten lagunen artean ekimenaren irudia daramaten katiluak zozketatuko dituzte.

Udazkenean, urriaren 15etik azaroaren 15era, establezimendu hauetan euskaraz eskatzen duten bezeroei boletoak banatuko zaizkie eta herri bakoitzean 100€ko erosketaren zozketan hartuko dute parte. Ekimen honen helburua aukeratutako sektorean euskararen erabilera sustatzea da. Bezeroek euskaraz eskatzeko ohitura hartzea.

Guztira, 43 establezimenduk egin dute bat kanpaina honekin; 20 Errenterian, 13 Pasaian, 6 Oiartzunen eta 4 Lezon.   

Honen guztiaren inguruko berri oraindik ez duen merkatariren bat balego, eta interesatuko balitzaio, bere herriko euskara zerbitzuarekin harremanetan jarri besterik ez du.

Honenbestez, Jexux Leonetek, Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakariak, herritarrak gonbidatu nahi ditu eguneroko bizitza euskaraz egin dezaten. Hizkuntza bera erabiltzea da errezetarik onena euskara indartzeko.
 

Arloa edo saila