Gezalan aldagelak eraikiko dira

Ar, 2017-05-23 16:04

Kulturaren aldeko apustuan eta Herri Eskolako jolastokiko estaldura eraikitzeko lanak udan egingo direla aprobetxatuz, gobernu taldeak Gezalako auditorioan aldagelak eraikitzea erabaki du. Helburua da bertako zein kanpoko taldeei, eta herritarrei oro har, eszenatokira igo aurretik aldatzeko eta lasai egoteko espazio egokia eskaintzea.

Herriko kultur taldeei babesa ematea eta udalerrian kultur jarduera sustatzea udal gobernuaren lan ardatz nagusietakoa da, helburu hartuta herriari nortasuna ematea, herritarrei aukera ezberdinak eskaintzea eta kultur eskaintza zabaltzea. Hori dela eta, 2017ko aurrekontuetan, jada, kultur ekintzetarako diru-partida handitu zuen udal gobernuak.

Horretaz gain, berriki kultur ekipamenduetarako lokala erosi du Udalak. Aipatu lokala, besteak beste, herriko dantza eta antzerki taldeek erabili ahal izango dute, orain artean ez bezala, non entseiatu eta materiala non utzi izan dezaten. Honela, Udalak taldeen behar eta eskariei erantzun nahi izan die.

Aurreko proiektuari lotuta eta udan Herri Eskolako estaldura eraikiko dela aprobetxatuz, Udalak Gezala auditorioan aldagelak eraikiko dituela iragarri du, bertan antzezten eta lanean aritzen diren taldeen beharrei erantzuteko. Izan ere, Gezalak egun ez du eremurik gauzak utzi eta aldatzeko. “Beren ikuskizunak eskaintzen dizkiguten bertako zein kanpoko talde amateur edo profesionalen baldintzak hobetzeko  aldagelak eraikiko ditugu taldeko kideek gauzak non utzi, non aldatu eta eszenatokira igo aurretik lasai egoteko espazio bat izan dezaten” gaineratu dute Udaletik.

Amaitzeko gehitu dute proiektua jada idatzia dagoela eta beraz, laster esleituko direla obrak aldagelak udan eraikiak izan daitezen.

 

Arloa edo saila