Andreoneko konpostagunea berritu da auzolanean

Az, 2017-05-24 15:15

Iragan den larunbatean dozena bat pertsonek parte hartu zuten Lezoko Udalak Andreoneko auzokonposta-gunean antolatutako auzolan-egunean, gunea berrantolatzeko helburuarekin.

Izan ere, gunean dagoen leku falta eta azken hilabeteetan jasotako eskaerak direla bide, Udalak beren biohondakinak Andreonen konpostatzen dituzten familiei, gunean partaide gehiago hartzeko aukera emango duten konposta-kutxak erabiltzeko proposamena egin zien. Joan den apirilaren 25ean antolatutako bilerara bertaratutakoek Udalaren proposamena onetsi zuten. Honela, orain arte erabili diren 300 litrotako kutxak 700 litrorainoko biohondakinak har ditzaketen kutxengatik ordezkatu dira. Egitura berri honi esker, kutxa bakoitzean gutxienez 10 familiek parte hartzeko aukera izango dute.

Familia gehiagorentzat lekua Andreonen

Egitura berriari esker Andreone konpostaguneak familia gehiagoren biohondakinak jasotzeko ahalmena handitu du nabarmen.  Hori horrela, auzokonpostan parte hartu nahi duten familia guztiei proiektuaren inguruko informazioa eskatzea animatzen diegu, eta dagoeneko parte hartu nahi dutela erabakia duten familiek horren inguruko eskaera lezokonposta@gmail.com helbide elektronikora bidali dezakete edota 605 757 687 (Leire) telefonora deituz.

Kalitatezko 800 litro konpost

Konpostaguneko egitura egokitzeaz gain, konposta-kutxetan hilabeteetan zehar familia ezberdinek botatako biohondakinei esker, kalitatezko 800 litro konpost jaso ziren. Honela, galbahetu ondoren konposta zakuetan prest utzi zuten baratze, lorontzi eta lorategietan erabiltzeko. Ateratako konposta horren parte bat Udal Zerbitzuetako langileek herriguneko zenbait lorontzi eta jardinera ongarritzeko erabiliko dute.

 
Arloa edo saila