Izan zu ere Oarsoarrak euskararen komunitatekoa

Og, 2017-09-28 16:17

Eskualdeko herrigintzako eragileen laguntzarekin Oarsoarrak Euskarazko Komunitatea ekimena jarri du abian Oarsoaldeko Euskara Batzordeak.

Errenteriak, Lezok, Oiartzunek eta Pasaiak osatzen duten eskualdean euskaraz biziko den, euskararen aldeko apustua egingo duten gizon-emakumeen komunitatea sortzea, saretzea du helburu ekimenak. Bakoitzak bere errealitatetik eta ahalmenetatik euskararen aldeko konpromisoa hartzea bilatzen du.

Jexux Leonetek, Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakariak jakinarazi duenez, Oarsoarrak komunitateak Oarsoaldeko euskarazko komunitatea adierazten du, edo oraindik adierazten ez badu ere, hori izan nahi du; komunitate zabal eta irekia, adin-tarte, jatorri, esparru… ezberdineko pertsonez osatua. Guztiek dute tokia Oarsoarrak komunitatean. Bakoitzak bere esparrutik eta bere neurriko konpromisoarekin euskararen alde eragiteko asmo irmoa biltzea du helburu egitasmoak. Familiarteko harremanetan, eskolan, erosketetan, lanean, bakoitza bere esparrutik, bere bizitzeko modutik, joeratatik eta iritzietatik, baina guztiak euskaraz eragin eta bizitzeko borondate irmoarekin.

Atzo aurkeztu zuten ekimena Errenteriako Xabier Olaskoaga plazan, ilunabarreko 19:00etan. Errenteriako Nora Barrosok eta Lezoko Agustina Pontestak ekimenaren nondik norakoak azaldu zituzten.

Ekimenaren leloa “Bat eta bat ez gara bi” izango da. Ekimen honek komunitatera atxikimendua ematen duen norbanako bakoitzak beste bat erakartzea bilatzen du.

Horrekin lotuta, webgunean termometro bat jarriko dugu, bertan adieraziko da, une oro, atxikimendu kopurua nola doan, eta tartean sariak zozkatuko dira.

Edonor izan daiteke Oarsoarrak komunitateko kide. Egin behar den gauza bakarra idatzizko konpromiso bat adieraztea da, bakoitzak nahi duena.

Komunitatearekin bat egiteko www.oarsoarrak.eus/batetabat webgunea erabili behar da. Webgunean aurkituko duzuen formulario txiki bat bete beharko da. Nork bere argazkia, eta konpromisoa adierazten duen esaldia bidali beharko ditu.

Formulario horretan familiako kideak gehitzeko aukera ere jarriko da. Adin txikikoak nahiz helduak gehitzeko Lege-ohar bat ere gehituko da haurren/helduen argazkien erabilera baimenduz.

Izena ematen duenak, beste pertsona bat edo batzuk ere gonbidatu ahalko ditu. Beraz, lagunen e-postak gehitzeko aukera ere egongo da. Lagunek gonbidapen mezua jasoko dute.

Behin argazkiak igotzean, automatikoki gehituko zaio argazkien mosaikoari.

Hemendik aurrera, beraz, nahi duen guztiak egin ahal izango du euskararen aldeko bere apustua eta argazkia igo komunitatearen mosaikora.

Mordoxka bat dira dagoeneko beraien konpromisoa adierazi dutenak:
Errenteriatik Xixilio Maritxalarrek
Lezotik Jon Legorburuk
Oiartzundik Loli Duartek
Pasaiatik Josetxo Maneirok
Eta beste hainbeste!

EGIN BAT OARSOARRAK EUSKARAREN KOMUNITATEAREKIN!
EGIN BAT EUSKARAREKIN!
BAT ETA BAT EZ GARA BI!

Zure konpromisoa emateko: www.oarsoarrak.eus/batetabat

Arloa edo saila