Kultur lokalaren inaugurazioa ostiralean, herritar guztiei irekita

Az, 2018-04-25 10:42

Joan den astean jaso zituzten kultur taldeek beren egoitza berria izango den kultur lokaleko giltzak eta dagoeneko hasi dira materiala eramaten eta bertan entseguak egiten. Ofizialki, baina, ostiralean, arratsaldeko 19:00etan, inauguratuko dute udal ordezkariek eta taldeek espazio berria eta ekitaldi horretara herritarrak ere gonbidatu nahi izan dituzte. Inaugurazioan Murixka Dantza Taldeak dantza egingo du eta desfile taldeak, berriz, argazki-mural baten bitartez taldearen lana erakutsiko die herritarrei

Azken lanak amaituta, joan den astean banatu zituen Udalak kultur lokal berriko giltzak. Pozik jaso zituzten herriko kultur talde ezberdinetako ordezkariek beren egoitza berria izango den lokaleko giltzak. Eremua ezagutzen bazuten ere, lokalaren itxura berria ikusteko gogoz azaldu ziren hitzordura.

Giltzak jaso eta dagoeneko hasiak dira taldeak beren materialak bertara eramaten eta Orratx Antzerki Taldeko kideak, adibidez, bertan entseguak egiten ere hasi dira. Beraz, kultur lokal berriak bizia hartu badu ere, ofizialki, ostiralean inauguratuko dute udal ordezkariek eta kultur talde ezberdinetako kideek.

Herritar guztiak gonbidatuta:

Udaletik herritarrei kultur lokal berria ezagutzeko aukera eskaini nahi zaie eta beraz, ostiralekoa, festa txiki bat izatea da asmoa. Hori dela eta, espazio berri honetaz gozatuko duten herriko taldeen laguntzarekin eta haiekin elkarlanean, herritarrei lokaleko ateak zabaltzeaz gain, Murixka Dantza Taldeko kideek dantza egingo dute eta Desfile Taldekoek aldiz, mural bat prestatu dute argazki ezberdinekin.

Amaitzean, lokal berriko espazio eta txoko guztiak ikusi eta ezagutu ahal izango dituzte herritarrek.

Lokal berri honekin, bide batez ere kale nagusiari bizia eman nahi zaio eta herriko kultur jarduera bertan kokatu nahi da, herriko liburutegiaren parean kokatua baitago kultur lokal berria. “Herriko kultur taldeen lanari esker herritarrok kultur ekintza anitzez gozatzeko aukera izaten dugu eta, hori dela eta, kultur jarduera sustatzea eta talde horien lana balioan jartzeaz gain, babestea ezinbestekoa iruditu zaigu, eta lokal berriak helburu horri erantzuten dio”, adierazi dute gobernuko kideek. 

Arloa edo saila