BIDEZ-BIDE zerbitzuak erabiltzaile gehiago lortzea helburu du Udalak

Al, 2018-06-11 10:10

Garraio zerbitzu honek helburu du mugikortasun arazoak dituzten eta landa ingurunean zein herrigunetik kanpo bizi diren adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzea; iaz 210 joan-etorri egin ziren. Zerbitzua urte guztian zehar eskaintzen da astelehenetik ostiralera, lanegunetan, 08:00-13:00 bitartean eta erabili nahi duten herritarrek gutxienez egun bat lehenago dei egin behar dute 690 76 94 66 zenbakira

Dagoeneko urte bete joan da Lezoko Udalak, Behemendi Landa Garapen Elkartearekin batera, BIDEZ-BIDE garraio zerbitzua martxan jarri zuela. Zerbitzua landa inguruan eta herrigunetik kanpo bizi diren 65 urtetik gorakoei edota mugikortasun arazoak dituzten pertsonei zuzenduta dago eta 2017ko maiatza eta abendua bitartean, guztira, 210 joan-etorri egin ziren. Horrela, adinekoen eta ezinduen mugikortasuna sustatzeko helburuarekin Udalak martxan jarritako egitasmo honen bitartez, 21 herritarren autonomia handitzea lortu da, hirigunera hurbiltzeko izan ditzaketen zailtasunak gaindituz.

Lezoko herriak lur-eremu handia hartzen du eta, beraz, herritar guztien ongizatea bermatzeko, hiri eta landa eremuko harremanak eta loturak mantentze eta bultzatze aldera, herritarren mugikortasuna errazten duen zerbitzua eskaintzen da Udaletik. Hala, zerbitzuaren erabiltzaileak Gaintxurizketako eta Altamirako bizilagunak izan ziren iaz, nahiz eta landa inguruko gainontzeko eremuetako herritarrek ere erabil dezaketen. 2017an jasotako datuen arabera, 17 erabiltzaile Altamirakoak izan ziren eta 4, aldiz, Gaintxurizketakoak. Horietatik, zehazki, gizonezkoak 6 eta emakumezkoak 15 izan ziren.

Aurten ere zerbitzuak martxan jarraitzen du

Esan bezala, iazko maiatzean abiarazi zen BIDEZ-BIDE zerbitzua eta aurten ere martxan jarraitzen du. Landa ingurunean edota herrigunetik urrun eta barreiatuta dauden auzoguneetan bizi diren 65 urtetik gorako edota mugikortasun arazoak dituen herritar orok erabil dezake zerbitzua, betiere bizilekura garraio publikorik iristen ez denean.

Horrelako kasu ugari daude Lezon eta, horregatik, Udaletik ezinbestekotzat jotzen da zerbitzu hau eskaintzen jarraitzea, izan ere, honi esker herritar askori aukerak ematen zaizkie ‘ez ohiko’ eginkizunak beren kabuz egin ditzaten. ‘Ez ohiko’ eginkizun horiek dira lanegunetan, baina noizean behin egiten direnak, hala nola; medikura joan, gestioak edo erosketak egin… Iaz, eginkizun horiek honakoak izan ziren, besteak beste: ohiko eta eguneroko erosketak, osasun-zerbitzutarako hitzorduak anbulatorioan eta herrigunean eskaintzen diren beste zerbitzuak (ileapaindegia, bankua…).

Zerbitzua doakoa da eta lanegunetan astelehenetik ostiralera eskaintzen da, goizeko 8:00etatik eguerdiko 13:00etara. Zerbitzua hau erabili ahal izateko gidariari zuzenean deitu behar zaio, gutxienez egun bat lehenago, jarraian azaldutako telefono zenbakira: 690 76 94 66. 

Arloa edo saila