Udalak, Arraitoki eskuratzeko eskaera egin dio Portuari

Or, 2018-07-06 12:18

Aspaldidanik herritarrek aparkaleku gisa erabili ohi duten lur eremu hori Portuaren jabetzakoa da gaur egun. Portuak eskaera onartuz gero, Udalak herritarren beharrei erantzutera bideratuko luke lur eremua

Lezoko Udalak duela egun batzuk helarazi zion Pasaiako Portuari Arraitokiko lur eremua Udalaren jabetzakoa izateko eskaera. Era horretan, lur eremua Udalaren jabetzakoa izatea lortu nahi da, izan ere, egungo egoeran, Portuak erabilerarik ematen ez dion arren, Udalak ezin du proiekturik gauzatu bertan.

Arraitoki, herriko sarreran dagoen lur eremua da eta Bekoerrota kiroldegiaren eta Altamirako auzora iristeko biribilgunearen artean kokatuta dago. Egun, Udalaren jabetzakoa ez bada ere, herritarrek aparkaleku gisa erabili ohi dute Jaizkibel Hiribidetik sartuta, kiroldegiko autobus geltoki aldameneko maldatik jaitsiz.

Gauzak horrela, aipatu lur eremua Udalarenak diren bi partzelen artean kokatuta dago eta, beraz, Portuak eskaera onartuz gero, Udalak kokaleku estrategikoa duen lur eremu zabal bat jabetzan izatea lortuko luke. Izan ere, horrela, herria herritarren beharretara egokitzeko proiekturen bat egiteko aukera egongo litzateke.

Udalak lehen pausua eman du, hau da, eskaera  ofizialki egitea. Orain, Portuaren erantzuna jaso arte itxaron beharko da eta, behin hori ezagutzean, Udalak jasotako erantzunaren berri emango du.

Arloa edo saila