AISA, herritar etorri berrientzako hastapeneko euskara eskolak Oarsoaldean

Or, 2018-08-31 09:58

Irailaren 1ean zabaltzen da izena emateko epea eta irailaren 21a arte egongo da zabalik

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak herritar etorri berrientzako hastapeneko AISA euskara eskolak antolatu ditu eskualdeko lau herrietan udal euskaltegiekin eta AEKren euskaltegiekin elkarlanean. Oarsoaldeara munduko gainerako herrietatik etorri berri diren eta herri horietan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago.

Jose Angel Sanchezek, Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakariak aipatu duenez, euskarazko lehen hurbilpena egin nahi da ekimen honekin. Eta modu honetan euskaltegietako hurrengo urratsak emateko bultzada erraztu. Ikastaroa laburra izango da, 60 ordukoa. Urriaren 1ean hasi eta urtarrilaren 31ean bukatuko da eta astero lau ordu emango dira. Astean bi orduko bi saio jasotzeko aukera egongo da, edota larunbat goizetan lau orduko saioa egitekoa. Eskolak eskualdeko udal euskaltegietan eta AEKren euskaltegietan emango dira, baina lekua aldatzeko aukera ere egongo da, hala nahi bada.

Izen ematea

Izena emateko aukera izango dute irailaren 1etik 21era (azkena barne). Horretarako nork bere herriko Udalaren euskara zerbitzura deitu edo joan beharko du:

- Errenteriako Euskara Zerbitzua 943 449 613 (Herriko enparantza z/g)
- Lezoko Euskara Zerbitzua 943 513 476 (Donibane kalea 2)
- Oiartzungo Euskara Zerbitzua 943 493 842 (Fermiñene etxea. Aialde, 2)
- Pasaia: HAZ, Herritarren Arreta Zerbitzua 943 344 034

- Donibane: Donibane kalea 19
- Trintxerpe: Euskadi etorbidea z/g (alkateordetza)
- Antxo: Hamarretxeta kalea 24

Matrikularen prezioa 5 eurokoa izango da. Eta matrikularen kostuari aurre egiteko laguntzei buruzko informazioa galdetzeko gomendatu dute antolatzaileek. Gainera, ikasturte amaieran, ikasturtearen “aprobetxamendu egokia egin duten ikasleek” ikastaroa egin izanaren agiri bat eskuratuko dutela jakinarazi dute.

Arloa edo saila