Ostegunean, irailak 20, Titpi-toparen lehen irteera

Al, 2018-09-17 09:05

Ohikoa den bezala, partehartzaileak goizeko 10:45ean eta 11:00etan abiatuko dira Gurutze Santuaren plazatik.

Irailaren 20an, ostegunean, ekingo zaio Tipi-topa egitasmoaren ikasturte berriari. Urtea amaitu arte, guztira, 12 irteera egingo dira eta horietako azkena, abenduaren 20an izango da.

Hitzorduak orain arteko berdinak izango dira; goizeko 10:45ean ibilaldi luzea egin behar dutenak abiatuko dira eta 11:00etan gainerakoak, udaletxeko plazatik. Amaitzean salda banatuko zaie partehartzaileei.

Tipi-topa herritar guztiei irekia da, nahiz eta bereziki 60 urtetik gorakoentzat eta aktibitate fisikorik egiten ez dutenentzat aurreikusita dagoen. Ibilaldietan parte hartu nahi dutenek ostegunean udaletxe aurrera agertu besterik ez dute. Bertan, izena ematen dutenei, abendura arteko parte hartze txartela banatuko zaie eta, horrela, tipi-topan parte hartzen duten ostegunero zigilua jarriko zaie.

Udalak jakinarazi duenez, ibilbideak seguruak dira eta ondo egokituta daude ibiltzeko zailtasunak dituzten herritarrentzat. Horrez gain, Lezoko entitate ezberdinetako boluntarioen laguntza jasoko da ibilbide osoan zehar. Hori dela eta, herritarrak egitasmo atsegin honetan parte hartzera eta bihar plazara agertzera gonbidatu eta animatu dituzte.

Arloa edo saila