Lezoko Baratze Parkeko errekan bioingeniritzako lanak egingo dira

Az, 2018-12-05 12:40

Aurreikusten da datorren astean zehar hasiko direla Olatzar errekako ertzak egonkortzeko lanekin; lan horiek bioingenieritza tekniken bidez egingo dira

Abenduaren 10ean, goizeko 10:00etatik 13:00ak arte horren inguruko tailer bat emango du Paola Sangallik, Asociación Española de Ingeniería del Paisaje-ren lehendakariordeak, Lezoko Euskara Kultura Aretoan (Donibane kalea 2). Lezoko Udalak antolatutako tailer horretan Kutxa Ekoguneak ere parte hartzen du, eta Gipuzkoako Baratze Parke Sareko jardueren eskaintza programan barneratu da.

 2016 urtean Baratze Parkeko erreka ertzean higadura arazoak zeudela ikusi zen, zehazki Lezoko Baratze Parkeko zubia eta etxolaren artean. Arazo horiek nola konpondu zitezkeen aztertu ondoren, arazoari aurre egiteko bioingeniaritza teknikak erabiltzea erabaki zen. Bioingeniaritzak landare biziak eta landare zatiak obra material bezala erabiltzen dituen ingeniaritza mota bat da. Material bizi horiek lurra eta harriekin batera erabiliaz, gunea modu azkar batean naturalizatzen da. Bere erabilpena gero eta zabaldua dago, batez ere erreka ertzetan egonkortze lanak egin behar direnean, eta hain zuzen ere, hori da Baratze Parkeko errekaren kasua. Lehenengo aldia da horrelako obra bat egiten dela Lezoko Udalerrian.

Baratze Parkeko errekan egin beharreko lanak egiteko lehen urratsa gaur egun dagoen zubia kentzea izango da. Ondoren errekari leku gehiago utziko zaio, ertzen malda gutxituz. Ertzak espezie desberdinetako landare bizi eta enborrekin egonkortuko dira, zenbait puntutan harriak ere erabiliaz. Bukaeran zubi berria, luzeagoa (5 metro ingurukoa), jarriko da.

Abenduaren 10ean egingo den tailerrak, bioingenieritza zer den azaltzeaz gain, Olatzar errekan egingo den obraren nondik norakoa erakustea du helburu. Tailerra oso praktikoa izango da eta maketak erabiliko dira bioingenieritza teknika desberdinak erakusteko.

Tailerraren kartela

Arloa edo saila