Gaur piztuko dira eguberrietako argi-apaingarriak

Al, 2016-12-05 09:45

Herri osoa gabon giroaz janzteko eguberrietako argi-apaingarriak jarri ditu Udalak helburu bikoitzarekin: kaleko giroa alaitzea eta tokiko merkataritza sustatzea. Era berean ekintza egitarau oparoa antolatu da eguberrietarako, besteak bestek, euskal liburu eta disko azoka

Ia gainean ditugu Gabonak eta aurten, Udalak, herriaren luze eta zabalean ezarri nahi izan ditu eguberrietako argi-apaingarriak. Joan den astean horiek ezarri ziren eta gaur piztuko dira herri osoa gabon giroan murgiltzeko helburuarekin.

Herriko hainbat elementu apaindu dira, zuhaitzak, farolak… eta udaletxe parean ere eguberrietako zuhaitza jarri da. Guztiak, 12.000€ko kostua izango du.

Kale argiztapenak baina, helburu bikoitza du. Herriko eta kaleetako giroa alaitzea batetik eta tokiko merkataritza babestu eta sustatzea, bestetik. Izan ere, argi-apaingarriekin herritarrak kalera ateratzea, kaleko giroa indartzea eta lezoarrek eguberrietako erosketak tokiko merkataritzan egitea bultzatu nahi da, tokiko saltokientzat egun berezi eta garrantzitsuak izaten direlako. Bertako merkataritza eta ostalaritzari esker herriko kaleek bizia dute. Horregatik, bertako balioan jarri eta babesteko herritarrei tokiko saltokietan kontsumitzeko deia egiten zaie udaletik.

Ekintza egitarau oparoa:

Argi-apaingarrien ondotik, jai giroa sortzeko helburu berarekin, Udalak ekintza egitarau oparoa antolatu du Gabonetarako.
Abenduaren 14an, arratsaldeko 18:30ean Joseba Sarrionandiaren “Narrazioak” liburuari buruzko literatur solasaldia egingo da Udal liburutegian.

Abenduaren 17an, aldiz, Tomas Garbizu Musika Eskolako Bandak Gabonetako kontzertua eskainiko du Gezala Auditoriumean 12:30ean. Arratsaldeko 18:00etan berriz, Kantujiraz gozatu ahal izango dute herritarrek.

Abenduaren 18an, 11:00etatik aurrera San Tomas eguna ospatuko da Karlos Saldise plazan eta arratsaldeko 20:00etan Lauka Teatro konpainiak “Amodioaren ziega” antzerki obra eskainiko du Gezala Auditoriumean.

Abenduaren 24an, arratsaldeko 18:30ean Olentzero aterako da Pysbe auzotik.

Abenduaren 12tik 24ra euskal liburu eta diska azona Kultur Aretoan:

Lezoko Jai Batzordeko elkarte kideek antolatuta, euskal liburu eta diskoak erosteko aukera izango da Kultur Aretoan abenduaren 12tik 21ra bitartean.

Azoka honek helburu du euskaraz sortutako liburu eta diskoak ezagutaraztea eta herritarrak euskal kulturan murgiltzea. Bi astez egongo da azoka Kultur Aretoan eta bertan, Durangoko azokatik heldu berriak izango diren euskal literaturaren eta euskal musikaren punta-puntako produktuak eskuratu ahal izango dira. Horregatik, batzordetik azoka bisitatzera, liburu edo diskoren bat erostera eta irakurtzera animatu dituzte herritarrak.

Azoka goizez nahiz arratsaldez egongo da irekita, abenduaren 24ean izan ezik. Egun horretan, goizean bakarrik zabalduko da. Gainerakoan, ordutegia honako hau izango da:
- Goizez: 10:00etatik 13:00era
- Arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara

Arloa edo saila