Ezagutu Lezoko Ibilbideak: Altamira Bordatxo

Og, 2017-08-10 09:46

Asfaltatutako ibilbidea da, bizikletaz zein oinez egiteko prestatua. Ibilbideak Altamira zeharkatzen du eta landa atlantikoko lursail tipikoetatik zehar murgiltzen da.

Lezok natura ondare aberatsa du eta Osasuna eta Kirola uztartuz, Lezoko Udalak herrian zehar 3 ibilbide egokitu ditu herritarren artean ohitura osasuntsuak sustatzeko eta Lezoko ondare natural, historiko eta kulturala ezagutzera emateko helburuarekin.

Hiru ibilbide horietatik azkena ezagutuko dugu gaur: ALTAMIRA BORDATXO.

Esan bezala, asfaltatutako ibilbidea da, bizikletaz zein oinez egiteko prestatua. Ibilbideak Altamira zeharkatzen du eta landa atlantikoko lursail tipikoetatik zehar murgiltzen da. Paseo atsegina eta gomendagarria da edonorentzat. Bertan ikus daitezkeenak:

Darietazarra baserria

Darietako kaskoa leku estrategikoa da. Bertatik Lezoko barruti guztia ikusten da, baina baita Donostia, Pasaiako portua, Errenteria eta Aiako harria ere. 1874an liberalek gotorleku bat eraiki zuten bertan. Gerra amaitutakoan, ordea, suntsitu egin zuten. Erdi Arokoa den Darietazarra baserriak aldiz zutik dirau.

Miura baserria

Miurako mugarria izen bereko baserriaren parean dago, bideaz beste aldean. Seinale bezala bi letra dauzka, L (Lezo) eta O (Oiartzun), eta marra bat goiko aldean. Garai batean Hondarribia eta Oiartzunen arteko jurisdikzioak banatzen zituen mugarri zaharra ere ondoan dauka, zenbaki erromatar eta guzti.

Begiratokia

Lezon sagardiak ziren nonahi, eta dolare jatorrak zenbait etxe eta baserritan. Bertako portutik Ternuara abiatzen ziren baleazaleek ere sagardoz hornitzen zituzten beren ontziak. Aurrez-aurre sagarrondo sailak ikus daitezke, eta bere garaian sagardotegi izandako Bordatxo baserria. 

Arloa edo saila