Altamira auzorako proiektua lantzeko parte hartze prozesua egingo du Udalak

Or, 2018-04-20 10:27

Gobernu taldearen helburua da, herritarrekin elkarlanean, Altamira auzoari indarra eman eta eremua irisgarriagoa egiteko proiektua garatzea, herritarren iritziak parte hartze prozesu baten bitartez jasoz. Parte hartze prozesua nola gauzatu zehazteko datorren astean, apirilaren 23an, bilerak egingo dira, arratsaldeko 15:30ean Auzo Elkarteko kideekin eta 17:00ean alderdi politiko ezberdinetako ordezkariekin

Egungo udal gobernuak lehen egunetik helburu izan du herria hobetzeko proiektu berriak garatzea, horren lekuko ditugu Herri Eskolako estaldura, Gezalako aldagelak eta kultur lokal berria, besteak beste. Helburu berari jarraiki, Altamira auzoaren hobekuntzan jarri du oraingoan azpimarra. Hain zuzen, auzoari indarra eman eta aukera berriak eskaintze aldera, parte hartze prozesu bat abiaraziko du Udalak, herritarren nahiak, beharrak eta iritziak ezagutzeko eta, horiek aintzat hartuta, elkarlanean proiektua garatu ahal izateko.

Udal gobernuak auzoari bultzada emateko eta bertako eremua herritarrentzat atseginagoa eta irisgarriagoa egiteko helburuarekin gauzatu nahi du proiektua. Horretarako, ordea, ezinbestekotzat jo du auzotarrak eta lezoar guztiak, oro har, prozesuan inplikatzea eta haien parte hartzea sustatzea.

Hori dela eta, parte hartze prozesua gauzatuko du Udalak datozen hilabeteetan. Baina, aurretik, parte hartze prozesuaren nondik norakoak zehazteko bi bilera egingo dira, biak datorren astelehenean, hilak 23 Udaletxean. Lehen saioa, Auzo Elkarteko kideekin egingo da 15:30ean eta bigarrena, 17:00ean alderdi politiko ezberdinetako ordezkariekin. 

Prozesua IBATUZ enpresaren aholkularitzarekin aurrera eramango denez, enpresako aholkulariak arduratuko dira bileretan beharrezkoak diren azalpenak emateaz eta herritarren zalantzak argitzeaz.

Arloa edo saila