Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

162. zenbakia Data 2004-08-24 16116 orria

7 UDAL ADMINISTRAZIOA

LEZOKO UDALA
Ibiak arautzeko ordenantza aldatzea. Onespena.

LEZOKO UDALA

Iragarkia

Udalbatzak 2004ko ekainaren 2an egindako osoko bilkuran onartu zuen Pasabideen Ordenantza Arautzailearen aldaketa.

PASABIDEEN ORDENANTZA ARAUTZAILEA

HITZAURREA

Ordenantza honen xedea Lezoko udalerriko pasabideak arautzea da, ematen diren lizentzien baldintzak, indarra eta iraupena arautzea.

Ordenantza hau esparru fiskalean osatu egingo da, espaloietan barrena ibilgailuak sartzearen gaineko, aparkamendu esklusiborako eta edozein moldetako merkantziaren zamaketarako bide publikoa erreserbatzearen gaineko prezio publikoaren Ordenantza arautzailearekin.

1. TITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua..

Ordenantza hau Lezoko udalerrian izango da aplikagarri.

2. artikulua.

Pasabide da bide publikoko zintarriaren edo espaloiaren egiturako aldaketa oro, hura aurrez aurre duen etxera/tik ibilgailuak sartzeko/ateratzeko helburu soil eta bakarrarekin egina, edota halaber edozein moldetako merkantziaren zamaketarako egina.

3. artikulua.

Pasabidearen eraikuntzak ez du inolaz ere aldatuko sestra ofiziala fatxadaren eta espaloiaren arteko elkarguneak markatzen duen marran.

4. artikulua.

Pasabide-lizentzia eskatu eta haien titular izan ahal izango dira, soilik, haiek zerbitzu ematen dieten finken jabeak. Era berean, eta negozio-lokalei dagokienez, dagokion lokalean jarduera ekonomikoa garatzen duen jabea, maizterra edo berrakuraduna izan ahal izango dira pasabide-lizentziaren titular.

Pasabide-lizentziak bere baitan daramatzan betebehar guztien erantzule, haren titularra izango da beti.

5. artikulua.

Pasabide-lizentzia ematea betiere hautazkoa, prekarioan eta hirugarrenen kalterik gabe izango da.

6. artikulua.

Pasabide-lizentziak ez du sortzen inolako eskubide subjektiborik eta, beraz, titularrak bere kontura kendu eta zintarria eta espaloia leheneratu beharko ditu Udalak hala errekeritzen dionean, dagokion baliogabetze-prozeduraren bidez eta interesatuari audientzia eman ondoren, interes publikoko arrazoiak egiaztaturik,

7. artikulua.

Erabat debekatuta dago pasabide gainean ibilgailurik aparkatzea, betiere haren ezaugarriak begi-bistan daudenean, eta arau hori hausteak erakar ditzake gai horri buruzko araudian seinalaturik dauden isunak eta jardunbideak.

8. artikulua.

Pasabideak eman ahal izango dira etengabe erabiltzeko edota zenbait ordutarako.

Pasabide iraunkorraren eta ordutegiaren ezaugarriak Udalak jarritako modelo ofizialekoa izango den seinalean markaturik ageriko dira, eta seinale hori Udalak entregatuko dio interesatuari lizentzia eman orduko, interesatuak aurrez plakak ordaindu eta gero.

Etengabeko erabilpeneko pasabideek eguneko 24 orduetan zehar emango dute ibilgailuak sartu/ateratzeko aukera.

Ordutegi seinalatu batean erabiltzeko pasabideek, gehienez ere eguneko 12 orduz ibilgailuak pasatzeko aukera emango dute, larunbat arratsaldeetan eta jai egunetan salbu. Pasabidearen erabilpen-orduak Udalak markatuko ditu interesatuen eskaeraren ildotik. Ordutegiko pasabideak larunbat arratsaldeetan eta jai egunetan erabiltzea, beharrezko iruditzen zaion kasuetan emango du Udalak.

II. TITULUA

LIZENTZIA EMATEKO PROZEDURA

9. artikulua.

Pasabide-lizentzia eskuratzeko, eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.Lokaletan eta jarduera komertzial edo industrialen batera xedatutako ibilgailuentzat:

1.1.Pasabide Iraunkorra:

a)Garatzen duten jardueran lan egiteko udal lizentzia eduki beharko dute.

b)Jarduera horren izaerak nahitaez behar izango du ibilgailuren sarrera/irteera.

c)Bost ibilgailu edo gehiagorentzako nahikoa toki izan beharko dute eta gutxienez 100 m2 azalera etengabe libre eta beste erabilpenetarako xedatu gabe, zamaketa lanak egiterakoan izan ezean.

d)Alta emanda egon beharko dute jarduera ekonomikoen zergan, udalerrian eta garatzen duten jardueran.

e)Jarduera Gogaikarri, Osasun-gaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuren espedientea aldeko emaitzarekin tramitaturik eduki behar dute.

1.2.Ordutegiko pasabidea:

a)Garatzen duten jarduera lan egiteko lizentzia eduki beharko dute.

b)Jarduera horren izaerak nahitaez behar izango du ibilgailuren sarrera/irteera.

c)Eskaeran zehatz-mehatz adierazi beharko da pasabidea jarriko den denboraren iraupena, Ordenantza honetako 8. Artikuluan finkatutakoaren arabera.

d)Ibilgailu bat edo gehiagorentzako nahikoa toki izan beharko dute etengabe libre eta beste erabilpenetarako xedatu gabe, zamaketa lanak egitea salbu utzirik.

e)Alta emanda egon beharko dute Jarduera Ekonomikoen Zergan udalerrian eta garatzen duten jardueran.

2.Ibilgailuak gordetzeko.

a)Ibilgailuak gordetzeko edo garajetarako udalaren instalazio-lizentzia eduki beharko du, aldez aurretik Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuren espedientea tramitatua izanik.

b)Betiere libre eduki dezala bi turismo-ibilgailu edo gehiagorentzako nahikoa espazio, nolanahi ere ibiak bide publikoan aparkatzea eragozten dien turismo-ibilgailuen zenbatekoa gutxiago izatekotan.

Familia bakarrarentzako etxeen kasuan salbuetsi ahal izango da a) eta b) ataletan xedatutakoa.

10. artikulua.

Udalak eman ahal izango du pasabidea Estatuaren, Elkarte Autonomoaren, Probintziaren edo Udalaren dependentziako zentro ofizialetarako, entitate edo erakunde eta osasun eta sorospen zentroetarako, kasu bakoitzean gertatzen diren interes orokor edo publikoko arrazoirengatik eta aipaturiko Organismoek aurrez eskaturik.

11. artikulua.

Lizentziaren eskaera ondorengo dokumentazio honekin batera bideratuko da:

a)Eskatzailearen deklarazioa, eskaeran adierazitakoez beste erabilpenetarako lokala ez erabiltzera konprometituz.

b)Negozio-lokala balitz, bertako jardueraren deskripzio labur bat ere aurkeztuko da, sartzen eta irteten diren ibilgailuen zenbatekoa bataz beste adieraziz, eta erabilpena zamaketarako balitz, lan horretan benetan zenbat denbora ematen den seinalatu beharko da.

12. artikulua.

Aurreko artikuluan adierazitako dokumentuak aurkezturik, haiek Udal Zerbitzu Teknikoetara eta Udaltzaingora igorriko dira, horiek esan dezaten, hilabeteko epean, (betiere epe hori prozedura administratibo arrunteko araudiaren arabera luzatu ahal izango delarik,) ea baimena emateko baldintza hoberenak dauden.

13. artikulua.

Behar diren txostenak egin ondoren, 15 egunez audientzia emango zaio interesatuari, bere eskubidez komeni lekiokeena alega dezan eta egoki iruditzen zaizkion dokumentuak eta justifikagarriak aurkez ditzan.

Aurreko epe hori iragan ondoren, dagokion erabaki-proposamena idatziko da.

14. artikulua.

Espedienteari amaiera emango dion ebazpena interesatuari jakinarazi beharko zaio haren eskaerak Udalean sarrera izan zuenetik 3 hilabete iragan baino lehen. Baldin eta aurkeztutako eskaerari buruz epe horretan ebazpenik hartuko ez balitz, isil hori kasu honetan negatiboa dela ulertuko da, prozedura administratibo arrunteko araudiaren arabera egokitzen diren ondorioetarako.

Prozedura era berean amaitu egingo da interesatuak atzera egiten badu edo uko egiten badio.

15. artikulua.

Pasabide-lizentziaren titularrek Udal administrazioari eskatuko diote baimena hartan edozein aldaketa egiteko.

16. artikulua.

Handitzeko edo lekuz aldatzeko aldaketek beste lizentzia bat beharko dute, hura eskuratzeko behar diren tramite eta baldintza guztiak bete beharko dituztelarik, baita eskubideengatik sortutako prezio publikoa ere.

17. artikulua.

Titularrak berak eskaturik pasabidea kentzeak, eta hori hala egin dela egiaztatu ondoren, hura baliogabetzea ekarriko du.

Kuota bat ez ordaintzeak, pasabide hura berehala kentzea ekarriko du.

18. artikulua.

Pasabideak zehaztu gabeko eperako emango dira, betiere araudi honetako 5. Eta 6. Artikuluetan xedatutakoaren menpe.

Pasabide-lizentzia baliogabetzean, Udal Zerbitzuek erretiratu egingo dituzte hura seinalatzen zuten plakak.

19. artikulua.

Ordenantza honetan aurreikusitako lizentzia edo baimenak, pasabidea duen eraikinarekin batera eskualdatu ahal izango dira. Eskualdatze horretarako beharrezkoa izango da hori idatziz frogagarriki Lezoko Udalari jakinaraztea, titularitate aldaketa hori egiaztatzen duen dokumentuaren kopiarekin batera.

20. artikulua.

Lizentzia eman izana interesatuari jakinarazi zaionetik hasita hiru hilabeteko epea izango du Lezoko Udalaren aurrean kreditatzeko eskatutako prezio publikoaren ordainketa, eta zintarria jaisteko eta pasabidea markatzeko obrak hasi izana, gutxienik seinalatze horizontala pintatuz, egiaztatzeko.

Behar bezala agiriz frogatutako arrazoi justifikaturik izan ezean, baldin eta aurreko atalean zehaztutakoa epe seinalatuan interesatuak beteko ez balu, lizentziak ematen dizkion eskubideak galdu egingo ditu eta lizentzia iraungi egingo da.

Baimen hori berriro balioztatu nahi izango balu, berriro prozedurari hasieratik ekin beharko dio Ordenantzan ezarritako baldintzetara loturik.

III. TITULUA

INSTALAZIOEN BALDINTZAK

PASABIDEAK

21. artikulua.

Eskatzaileak justifikatu egin beharko du:

a)Indarrean dagoen ordenantza legalak seinalatzen dituen eskubideak Udalari ordaindu izana.

22. artikulua.

Zintarria eta espaloia beheratzeko obrak, seinale horizontalak pintatzea, pasabide seinaleak jartzea e.a., titularrak egin beharko ditu.

Obrak erabat bukatzean Udal Zerbitzu Teknikoei aditzera emango zaie, egindako lanen ikuskapena egin dezaten.

23. artikulua.

Espaloia beheratzeko obrak beharrezkoak balira, baldintza hauen arabera egin beharko dira:

a)Zintarria beheratzea; bertan dagoen zintarria pasabidearen zabalera osoan aldatuko da, galtzadaren sestratik 3 - 5 cm. goragoko kotan utzi arte.

b)Espaloia tinkotzea; kare-harrizko harrobiko 30 cm harkazkar materiala 20 cm hormigoia 175 kg/cm˛ erresistentziakoa jarriko da zoruan.

c)Espaloiaren jarraipena; espaloian lehen zegoen zoru-azala jarriko da berriro (baldosa, asfalto urtua, etc.) espaloiko gainerako zoruarekin etenik ez izateko eran.

d)Galtzada seinalatzea; pasabidearen irteerako zoruan ikoroski formako seinale horizontal bat jarri beharko da pasabidea dagoela seinalatzeko, eta ingurua 12 cm. lodiko marra horiz pintatuko da.

24. artikulua.

Pasabideek, ondorio fiskaletarako, gutxienez 5 m. luzera edukiko dute.

Luzeran 5 m. baino gehiago duten pasabideetan, hortik gorakoa metro bakoitzeko edota zatika neurtuko da.

Pasabide bakoitzaren gehieneko luzera, zintarriaren gainean neurturik, dagokion eraikinak daukan sarbidea gehi %25 baino gehiago ezin izango da.

25. artikulua.

Debekaturik dago ibilgailuren pasabidea eraikinetik bide publikora, eta alderantziz, oholak, arrapalak eta behin-behineko material finkatu gabeak erabiliz, arrazoi justifikatuz eta espreski baimena lortu ondoren izan ezean.

IV. TITULUA

BETEBEHARRAK ETA ARAU-HAUSTEEN SANTZIOAK

26. artikulua.

Pasabidearen titularrak nahitaez bete beharko du:

a)Zorua eta seinale-diskoa egoera onean mantendu.

b)Lizentziaren seinale edo ezaugarriak pintatu, plakak jarri e.a.

c)Zorua edo pintura berritu Udalak agindutakoan.

d)Pasabidean, Udalak agindutako obra arrunt eta aparteko guztiak egin.

e)Emandako pasabide-lizentzia deuseztatzean, espaloia eta zintarria lehengora itzuli.

27. artikulua.

Behar den baimena lortu gabe pasabide bat eraikitzen denean, haren titular izatea dagokion pertsonari Udal administrazioak errekerituko dio espaloia lehen zegoen bezala laga dezan, hark bere kontura, hamabost egunetako epean.

Aurreko pasartean xedatutakoaz aparte, pasabideak Ordenantzan ezarritako baldintzak betetzen baditu, pasabide lizentzia emango da.

Lizentzia eskatu gabe epe hori iragango balitz, edota espaloia lehengo egoerara itzuli bada, Udal Aginteak dagokion isuna ezarriko dio arau-hausleari.

28. artikulua.

Pasabide-lizentziak automatikoki deuseztaturik geratuko dira Ordenantza honetan ezarritako betebeharretarik edozein betetzen ez bada. Espreski seinalatzen dira ondorengo hauek:

a)Zorua eta pintura behar bezala ez mantentzea.

b)Hura behar ez bezala erabiltzea.

c)Lokala deklaratuez bestelako helburu batzuetarako erabiltzea.

d)Emakida eragin zuten inguru-abarrak aldatzea.

e)Lizentzia deuseztatzeak kontraesanezko prozedura bat eskatuko du interesatuari audientzia emanez, 6. Artikuluan agindutakoaren arabera.

Azken xedapena.

Ordenantza hau indarrean jarriko da bere testua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko denaren biharamunetik hasita.

Lezo, 2004ko abuztuaren 16a.—Kepa Garbizu, Alkatea.

(1409) (7837)