Aplikazio habiaratuak
Eduki publikatzailea
Atzealdea Bazterkeria-egoeran dauden pertsonentzako eguneko zentroa abiaraziko dute Lezok, Oiartzunek eta Pasaiak

Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako Udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, bazterkeria-egoeran edo bazterkeria-arriskuan dauden pertsonentzako Eguneko Arreta Zentroa jarriko dute martxan irailean. Hiru udalen arteko lankidetzaren bidez, zerbitzu berriak hiru herrietan bazterkeria arriskuan edo egoeran dauden pertsonen arreta eta gizarteratze-prozesuak indartzea du helburu, komunitatearen ikuspegitik eta baliabideen arteko koordinazioa sustatuz.
Zerbitzua Lezoko Kamineroetxe eraikinean egongo da kokatuta (Jaizkibel Hiribidea, 4), eta hiru udalerrietako pertsonei emango die zerbitzua. 18 lagunentzako lekua izango du: 15 plaza arruntak izango dira eta beste 3 premiazko egoeretarako erreserbatuko dira. Zentroaren helburu nagusia pertsonen autonomia eta bizi-kalitatea sustatzea, haien ohiko bizi-ingurunean eta komunitatean mantentzen laguntzea eta, beharrezkoa denean, isolamendu-egoerak arintzea da.
Zentrorako sarbidea, halaber, udaletako gizarte-zerbitzuen bidez egingo da, dagokion balorazio eta preskripzio teknikoaren ondoren, baina, oro har. Lezon, Oiartzunen edo Pasaian gutxienez duela hiru hilabetetatik bizi diren pertsonei zuzenduta dago eguneko arreta zerbitzua.
Astelehenetik ostiralera, goizeko 9:00etatik 15:00etara, Kamineroetxen eguneroko oinarrizko beharrei erantzuteko baliabideak topatuko dituzte erabiltzaileek, baita bakoitzaren egoera eta beharrei egokitutako informazioa, orientazioa eta laguntza ere.
Besteak beste, gosaldu eta bazkaldu ahal izango dute eta higiene pertsonalerako baliabideak izango dituzte, arropa garbitzeko aukera, edota ondasunak gordetzeko espazioa. Gainera, euste emozionalerako, eta autozaintzarako eta euren egoera arintzeko oinarrizko trebetasunak eta gaitasunak eskuratzeko akonpainamendu profesionala izango dute.
Horrez gain, aisialdirako baliabideak izango dituzte eskura, hala nola ordenagailuak, prentsa, literatura eta irakurtzeko materiala eta mahai-jokoak.
Gizarteratze-prozesuak indartzeko, zerbitzuak hiru udalerrietako komunitateko baliabideak baliatu eta erabiltzaileen eskura jarriko ditu, herriko kultur-, aisialdi- eta kirol-jardueretan parte hartzeko aukera izan dezaten.
Herritarrek Kamineroetxe ezagutzeko ate irekiak
Herritarrek eraikina ezagutzeko aukera izango dute, irailaren 16an 17:00etatik 19:00etara bitartean ate-irekiak izango dira Kamineroetxe ezagutzeko.
Horrez gain, inaugurazio instituzional ofiziala egingo dute udazkenean.
Aplikazio habiaratuak
Banner APP

Hemen jaiak, mendi ibilbideak, garraioak eta ordutegiak, farmaziak... topatuko dituzu.
Aplikazio habiaratuak
Mapa web
Tramiteak
Gobernu irekia
Lezo Ezagutu
Udala
Harremanetarako


