Aplikazio habiaratuak
Eduki publikatzailea
Atzealdea Lezoko eta Pasaiako udalek portuko sutearen inguruko erantzunak eta neurriak eskatu dituzte

Lezoko eta Pasaiako udalek abuztuaren 21ean portuan izandako sutearen arrazoiak eta inguruabarrak argitzeko informazioa bilduko dute, baita, hala badagokio, sor daitezkeen erantzukizunak zehazteko ere.
Bi udalen ustez, ordea, lanketa horrek ezin du sutearen jatorria ezagutzera mugatu. Gertakariak herritarrengan eta ingurumenean izan duen eragina ere aztertu behar da, baita larrialdia nola kudeatu zen, zer prebentzioneurri zeuden indarrean eta herritarrei informazioa nola eta noiz helarazi zitzaien ere.
Erretako hondakinak potentzialki toxikoak izan zitezkeelakoan, larrialdi-zerbitzuek inguruko biztanleen konfinamendua agindu zuten. Herritarrei etxe barruan geratzeko, ateak eta leihoak ixteko eta aireztapena itzaltzeko eskatu zitzaien.
Badiako alkateen arabera, gertakari hori ezin da normaltzat jo. Horregatik, eskumena duten administrazio guztiei gertaturikoaren informazio-txostenak eskatuko dizkiete: zer gertatu zen, zein material zeuden tartean, zein prebentzio-neurri zeuden indarrean, nola kudeatu zen larrialdia, eta zein ondorio izan zituen suteak airean, lurzoruan, uretan eta, oro har, ingurumenean.
Udalek informazio osoa galdegin dute
Bi udalen kezketako bat da oraindik ez dutela gertatutakoaren inguruko informazio tekniko osaturik eskuratu. Horregatik, dokumentazio eta informazio zehatza eskatuko diete eskumenak edo erantzukizunak dituzten erakundeei.
Pasaiako Portuko Agintaritzari, eta txatarrekin loturiko jarduera bertan gauzatzen duten enpresei, sutearen jatorriari eta inguruabarrei, portuan zeuden materialei, prebentzio- eta segurtasun-neurriei, aplikatutako larrialdiprotokoloei, esku-hartzearen kronologiari eta portuaren eta udalen arteko komunikazioei buruzko informazioa eskatuko diote.
SOS Deiaki, berriz, larrialdiaren kudeaketari, jasotako abisuei, aktibatutako baliabideei, erakundeen arteko koordinazioari eta herritarrei bidalitako SMS alertaren hedapenari buruzko datuak eskatuko dizkiote. Izan ere, Jaurlaritzak ES-Alert sistema erabili zuen Lezoko herritarrei mugikor bidez konfinatzeko gomendioa egiteko, horiek baitziren keak gehien kaltetu zituenak. Hala ere, bi udalek jaso duten informazioaren arabera, herritarren zati zabal batek ez zuen alerta hori jaso.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuei suhiltzaileen esku-hartzeen eta erabilitako baliabideen inguruko informazioa eskatuko diete.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Ingurumen Sailei sutearen ingurumen-eraginari buruzko dokumentazioa eskatuko diete, besteak beste, airearen, lurzoruaren eta uraren kalitateari buruzko neurketak, sortutako hondakinen kudeaketa eta eraginaren balorazio teknikoa.
Aurrekariak
Bi udalek gogorarazi dute ez dela portuan antzeko gertakari bat ematen den lehen aldia. 2018ko abuztuan ere sutea izan zen txatarpilaketa batean, eta orduko hartan, ke-zutabe handia sortu zen eta inguruko herritarrei leihoak eta ateak ixteko gomendioa egin zitzaien.
Alkateek abiaturiko ikerketaren bidez argitu nahi duten beste gai bat da, hain zuzen, aurreko gertakarietatik zer ikasi den eta ordutik zer neurri gehigarri hartu diren prebentzioaren eta herritarren babesaren alorrean. Izan ere, galdera ez da soilik zer gertatu den; baita ere, aurretik identifikatutako beharrei eta arriskuei erantzuteko zer neurri hartu diren eta zer geratu den egiteko.
Bi udaletako ingurumen-sailak dokumentu teknikoa prestatzen ari dira dagoeneko. Bertan jasotzen ari dira, besteak beste, azken urteetan portuaren jardueren inguruan izandako gertakariak eta udalek egindako esku-hartzeak; baita Pasaiako Badiako mahai teknikoan egindako lana, bizilagunen kexen kudeaketa edota enpresen jarduerak legeztatzeko hartutako neurriak.
Ikerketa ez da amaiera, abiapuntua baizik
Bi udalen helburua ez da gertatutakoa dokumentatzea soilik. Informazio guztia bildu, aztertu eta elkarren artean gurutzatu ondoren, ondorioak atera eta proposamen zehatz bihurtu nahi dituzte: prebentzio-neurri gehiago, larrialdi-komunikazioan hobekuntzak, ingurumen-kontrolak indartzea...
Mikel Arruti, Lezoko alkatea: “Herritarrak dira suteen kalteak zuzenean pairatu dituztenak, gure eta ingurumenaren ongizatean zuzenean eragiten dute. Horren aurrean, ezinbestekoa da egungo protokoloak eta neurriak ezagutzea, eta betetzen direla bermatzea, are gehiago kaltegarriak izan daitezkeen toxikoak isurtzen dituen suteak urte gutxian bi aldiz jazo direnean”.
Teo Alberro, Pasaiako alkatea: “Sute hau ezin da gertakari isolatu gisa hartu, eta ez dugu nahi gertatutakoa ahaztea ezta azalpen partzialekin geratzea ere. Herritarrek jakin behar dute zer gertatu zen, nola kudeatu zen larrialdia eta zer neurri hartu diren —edo hartu ez diren— horrelako egoerak berriro gerta ez daitezen. Guk informazio hori guztia eskatuko dugu eta, ondorioen arabera, behar diren neurriak proposatuko ditugu”.
Aplikazio habiaratuak
Banner APP

Hemen jaiak, mendi ibilbideak, garraioak eta ordutegiak, farmaziak... topatuko dituzu.
Aplikazio habiaratuak
Mapa web
Tramiteak
Gobernu irekia
Lezo Ezagutu
Udala
Harremanetarako


