Onartu dira 2020rako aurrekontuak

Or, 2019-11-29 12:31

Onartu berri den aurrekontu proiektuak helburu du herritarren beharrei erantzutea eta lezoarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetu eta bermatzen jarraitzea.

Horretarako, irisgarritasuna ardatz, Ijurkoko igogailuaren eraikitzea eta Mugikortasun Planaren idazketa proposatu ditu Udalak hirigintza proiektu nagusi gisa.

Era berean gizarte beharrei erantzuna ematea, tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea edota euskara, kultura eta kirol osasuntsua bultzatzea lehenesten jarraituko du Udalak.

Atzo arratsaldean egindako osoko bilkuran, eguneko aztergaien artean, 2020rako aurrekontu proiektuaren onarpena nabarmendu zen. 

Horri lotuta, EH Bilduk bere proposamenak aurkeztu zituen, hain zuzen, hamabi kontu sail egokitzea, horretarako sail, proiektu edo egitasmo konkretu batzuen kontu saila murriztu eta diru hori beste zenbaitetara bideratzeko proposatuz. Ildo horretan, gobernuak oposizioaren hainbat proposatzen txertatzeko borondatea aurkeztu bazuen ere, azkenean ez zen adostasun bat lortu eta horrenbestez, baztertuak izan ziren guztiak.

Gobernuak, beraz, bere aurrekontu proposamenari eutsi dio ulertuta ondo landutako aurrekontuak direla eta hartutako konpromisoei eta emandako hitza betetzeari bide ematen diela.

8.840.000 euroko aurrekontua

Datorren urtean Lezok 8.840.000€ko aurrekontua izango du, iaz baino 123.000€ gehiago. Helburu nagusia herritarren behar eta eskariei erantzutea  da, horretarako udal baliabideak modu eraginkor eta jasangarrian kudeatuz eta inbertituz.

2020rako onartutako aurrekontuek pertsona jartzen dute erdigunean eta Lezo zein lezoarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzen eta bermatzen jarraitzeko hainbat egitasmo eta proiektu jasotzen ditu.

Ekonomia eta enpleguari dagokienean, 125.000€ko kontu saila bideratuko du Udalak Enplegu Planera, Garapen Agentziak enplegua eta ekintzailetasuna sustatzeko ekimenak aurrera eraman ditzan, langabezian dauden pertsonei aukera berriak eskaintzeko. Era berean, 25.000€ko kontu saila ere bideratuko du gizarte bazterkeria egoeran edo hori pairatzeko arriskudan dauden pertsonak kontratazeko “Kokatu Lezo” programara. Enpleguaren sustapenera, beraz, 150.000€ bideratuko ditu Udalak 2020an. Era berean, gizarte programa, zerbitzu, prestazio eta laguntzei bideratutako partida guztiak mantendu egin dira, beharrezkoa bada horiek handitzeko konpromisoarekin.

Kulturaren, kultur jardueren eta kirolaren aldeko apustu sendoa ere mantentzen da. Horregatik, kultur alorrari dagokionean kontu saila handitu eta festei iaz baino %21eko aurrekontu handiagoa eskainiko zaie. Kirolean, halaber, kontu sailak mantendu eta hainbat egitasmo eramango dira aurrera, horien artean, nagusiena, ur-jolasena.

Lezo euskaldunago baten alde

Era berean, euskararen azken kale azterketen emaitzei erreparatuz, datozen urteei begira arreta berezia eskaini nahi dio Udalak euskararen normalizazio eta sustapenari eta horri lotuta, 2020ari begira aurrekontu osoaren ia %4a eskainiko dio sail honi, hain zuzen, 340.890€.

Lezo eta lezoarren irisgarritasuna hobetzea ardatz

Inbertsioen atalak helburu du, bereziki, pertsonengan pentsatutako Lezo eraikitzea, hau da, Lezo herri atseginagoa eta irisgarriagoa egitea. Horretarako, Ijurkoko igogailuaren eraikitzea edota Mugikortasun Planaren idazketa dira 2020an gauzatuko diren proiekturik nagusienetakoak.

Planaren kasuan, idazketa egiteko 30.000€ko kontu saila jaso da aurrekontu proiektuan eta herriko bigarren igogailua izango dena eraikitzeko, aldiz, 260.000€ko kontu-saila. Azken proiektu hori idazketa fasean dago une honetan eta eraikitze lanak datorren urteko otsailean hastea espero du Udalak. Helburua da Ijurkoko irisgarritasuna eta bertako bizilagunen mugikortasuna erraztu eta hobetzea.

Adierazpen instituzionalak:

Gainerako aztergaien artean, adierazpen instituzionalak izan ziren nagusi. Horiek horrela, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko egunari eta Euskararen Nazioarteko Egunari  lotuta gobernu taldeak eta EH Bilduk aurkeztutako mozioak bateratu eta onartu ziren, baita udal gobernuak Boliviako egoera politikoaren harira aurkeztutakoa ere.

Arloa edo saila