Aplikazio habiaratuak
Ondarea
Ondarea
Eraikinak eta monumentuak
Lezok historia luzea du. 2003an 800 urte bete zituen, eta mende hauetan guztietan zehar monumentu eta eraikuntza interesgarri ugari eraiki dira bere lurretan. Herrigunean bertan daude horietako hiru: Gurutze Santuaren basilika, San Juan Batailatzailearen eliza parrokiala eta udaletxea. Aitzitik, horiez gain, oinetxe eta baserri ugari ere aipagarriak dira beren ezaugarriengatik eta historiarengatik.
Herrigunean eta inguruan daudenak
Herriko plazan Gurutze Santuaren Basilika dago. Hasieran ermita txikia besterik ez zen eta atariak egurrezko hesia zuen. Barruan Kristo Gurutziltzatua ikus zitekeen. Bizantziar estilokoa da irudia, X. mendekoa, eta oso berezitasun handia du: ez du bizarrik.
XVI. mendearen amaieran ustezko miraria izan zen eta, ondorioz, irudiareriko debozioa Euskal Herri osoan hedatu zen. Hortaz, ermita zaharra kokatzen zen tokian basilika errenazentista eraiki zen, eta oraindik zutik dirau.
Adituen arabera, Lezoko Kristo Santuaren tailak balio artistiko handia du, baina, zalantzarik gabe, urtez urte bisitari ugari erakartzen dituzte bere inguruan sortutako kondairek. Lezoko Kristo Santua Euskal Herriko irudi erlijiosorik famatuenetarikoa dela esan daiteke.

Argazkia: Gurutze Santuaren Basilikaren barruko aldea.

Argazkia: Kaliza.
Kondairaren arabera, XV. mende inguruan flotatzen agertu zen irudia Pasaiako badiako uretan. Garaia hartan gertakaria seinale jainkotiartzat jo zen, beraz, ez zen harritzekoa Pasaiako, Errenteriako eta Lezoko biztanleek berentzako nahi izatea. Kondairak dioenez, Kristoa ahaztu egin zuten hainbeste liskarren artean eta hara hor gauza harrigarria: kutxa berriz ireki zutenean, irudia desagertua zegoen.
Pixka batera, gaur egun tenplu txikia kokatua dagoen tokian aurkitu zuten. Beraz, zalantza guztiak atzean gelditu ziren eta bertan egon behar zela erabaki zuten. Hala ere, Pasaiako biztanle bat ez zen erabaki jainkotiarrarekin ados geratu, Lezoko bizilagunen batek lapurtu zuelakoan zegoen. Hala, gaua sartuta zegoenean, iltzeak kendu eta Pasai Donibanera eramatea erabaki zuen. Iritsi bezain pronto, beste ustezko mirari jainkotiarra gertatu zen. Ekaitz izugarria izan zen, nahiz eta data eta toki horretan ohikoa ez izan. Zer pentsatu behar izan zuen pasaitar hark ekaitzean kutxa ireki eta Kristo Lezorantz zihoala ikusi zuenean! Beraz, jatorrizko tokira itzultzea erabaki zuen eta ekaitza amaitu egin zen.
Harrezkero izen handia hartu zuen eta itsasontziak lanera atera baino lehen ermita (gaur basilika) zaharrera hurbiltzen ziren kanpainetan zorte ona izateko. Halaber, fededunek egindako eskakizunak erantzuten zituela diote, baita gaitzak sendatu ere. Beraz, ez da harritzekoa barruan exvoto ugari aurkitzea. Fededun sutsuenak gaixoak eta marinelak izan dira.
Exvoto izenekoa (latineko "ex voto", "votoa"ren ondoriozkoa) jainkoari jasotako onuren seinale egiten zaion eskaintza da. Historiaurreko irudi txiki asko exvoto izenekoak izan zirela suposatzen da. Mundu osoan herritarrek jainkoei eskaintzak egin dizkiete gauzak eskertzeko. Euskarriak ugariak izan dira: buztinezko iruditxoak, edalontziak, etab.
Lezoko Gurutze Santuaren Basilikan exvoto batek orain arte iraun du. Itsasontzi baten maketa da. Kostaldeko herrietan sarritan eskaini izan dira itsasontzien maketak, arrisku batetik libratu izana, edo salbamendu bat eskertzeko.
Gipuzkoan itsasontzi exvoto ugari dago elizetako sabaietatik kulunka: Arrasate, Deba, Eibar, Eskoriatza, Hernani, Irun, Mutriku, Tolosa, Pasaia Donibane, Pasai Antxo eta Lezon.
Era berean, Gurutze Santuaren Basilikan XVIII. mendeko erretaula ikus daiteke.

Argazkia: Erretaula.
San Juan Bataiatzailearen eliza parrokiala Lezoko hirigunean dago, muino txiki baten gainean.
Urte askoan zehar, Pasai Donibaneko eta Lezoko udalerriek San Juan Batailatzailearen eliza parrokiala partekatu egin zuten. Pasaiako biztanleei beste parrokia bat eratzeko baimena eman zitzaienean, XVI. mendearen erdialdean, beren eliza eraiki zuten, baina diru-falta zuten eta XVII. mendearen hasiera arte ez ziren obrak hasi.
Elizaren obrak iparraldetik hasi ziren. Alde horretan bi kapera irekitzen dira eta beren arkuek punta pixka bat dute. Hitzarmen-eskriturarekin bat, hegoaldeak ere bi kapera ditu. Horietako bat puntu erdiko arkuak ixten du eta elizara sartzeko erabiltzen da.

Argazkia: San Juan Batailatzailearen elizaren erretaula.

Argazkia: Elizaren sapaia.
Eliza zabala da eta nabe bakarra du. Kanpoan horma-bular handiak ditu, barruan, berriz, pilastroi prismatikoak ditu eta horiek oinarri triangeluarra dute. Gangaren ildaska desberdinak eusten dituzten baketoiak elkartuz eratu dira. XVI. mendeko gurutzeriak estaltzen du. Ildaskak uhindunak dira, oinarriak, berriz, makurtuak. Gurutzeriak apaingarri bereziak ditu. Hau da Gipuzkoan aurki dezakegun kasu bakarra.
Elizak lau tarte ditu: lehenengoaren gainean presbiterioa altxatzen da. Iristeko harmailadi ederra dago. Erretaula nagusiak lau solairuko altuera du eta kalbarioak koroatzen du.
Kanpoaldean, gargoletan eta mendebaldeko portadan ezaugarri gotikoak ditu eraikuntzak. Ate modernoagoaren gainean arku puntadun zaharrenaren abiapuntuak ikus daitezke. Portadaren gainean leihate gotiko izugarria dago. Bere argia banatzeko, trazeria eta bi mainel daude. Leihatearen gainean, hegoaldean, inflexio bikoitzeko arkuaren moldura ikus daiteke. Zarta batek amaitzen du. Ez dago ez trazeriarik, ezta mainelik ere. Hegoaldeko fatxadaren alde bat apaintzeko bolek osatzen dute moldura.
Kanpoko horma-bularrak absidean oso nabarmenak dira eta elizari gotorlekuaren itxura ematen diote.

Argazkia: Kanpoaldea.
Gaur egungo udaletxea 1742an amaitu zuten. Hala ere, lehen beste bat izan zen. XVIII. mendearen erdian kartzela, artxibategia, erizaindegia, bilera-aretoa, taberna (errentan ustiatua) eta armategia (gutxienez 25 fusil eta beren baionetak zeuden) zituen.
Lanaren gastuei aurre egiteko, udalbatzak zenbait errolda (erregimen zaharraren maileguak) eratu zituen: 1739an zilarrezko 450 dukat Errenteriako eliza-kabildoaren alde, eta urte berean beste 200 Errenteriako Agustinen komentuaren alde. Errolda horiek ez ziren XIX. mendera arte itzuli.

Argazkia: Udaletxeko kanpoaldea.
Jaizkibel mendiko dorreak herriak XIX. mendean (guda karlistekin) bizitako guda-jardueraren testigu dira. Jaizkibelgo mendilerroaren gailurrean sei dorre altxa ziren eta gaur egun bosten hondarrak daude. Horietatik hegoalderantz begira Irun-Pasaia korridorearen lurraldea ikus dezakegu; iparralderantz begira, berriz, itsasorantz Jaizkibelgo mendi-mazelei erreparatuko diegu.
Dorre guztien oinplanoa hexagonala da eta alde bakoitzak 3,3 m-tik 3,5 m-ra bitartean ditu. Salbuespena, Guadalupetik hurbilen kokatutakoa da: horren oinplanoa laukia da. Guztiek bi solairu eta terraza zituzten. Egun, hareharrizko inguruko hormak bakarrik kontserbatzen dira, barrualdea erabat hutsa dago. Beheko solairuan zulo txiki angeluzuzenak irekitzen ziren, eta aireztatzeko nahiz behatzeko erabiltzen ziren. Kanpoaldean zapata ikus daiteke eta altuera aldakorra du, dorrea baino pixka bat zabalagoa. Lursailaren gainean zuen altuera lursailaren irregulartasunen araberakoa zen.
Soldaduak ez ziren beheko solairutik sartzen. Lehen solairua irekitzen zen eta bertara iristeko desagerraraz zitekeen eskailera erabiltzen zen. Hala, zailagoa zen eraikinean sartzea. Solairu berean alde bakoitzean bi edo hiru gezileiho irekitzen ziren. Terraza fatxada baino pixka bat aurrerago zegoen eta poligonoaren alde bakoitzean hiru ukondok eusten zuten. Gainera, erpin bakoitzean ukondo bana zegoen. Horien artean gutxi gorabehera zirkularra zen zuloa irekitzen zen eta euri-urak kanporatzeko erabiltzen zen.
Telekomunikazioko antenak dauden lekua, gunerik altuena (Alleru gailurra- 547 m) Karlistek San Enriqueko gotorlekua kokatzeko hautatu zuten. Bere aurriak egoera onean kontserbatzen dira, inguruko hormak eta barneko zenbait zatiketa bereiz baitaitezke.
Oinetxeak eta baserriak

Andreone

Apaiziartza

Arpire-enea

Borda

Bordatxo

Darieta-zar "Daita"

Gaintza

Galardi

Iribarren

Itxue

Itzua bekoa

Jamot-enea

Maisu Cristobal-enea

Mandasayania

Mariya-enea

Minkura

Miura

Olatzar

Paskual-enea

Pikandia-enea

Sagu-enea

Susana-enea

Txerrimuño

Zabala-etxea
Eraikin zibilak
Hodia burdinezko plaka baten erdian duen iturria. Harrizko aulki luze bat du. Hiriguneko hiru irteeretan dauden iturrietariko bat da (Kale Nagusia, Zubitxo, San Juan).
Oin irregularra duen eraikina, bi isurialdeko teilatu duna. Lau solairu dauzka. Fatxada nagusian harlanduzko hormak dauzkagu, lehen eta bigarren solairuen artean ongi landuriko harmarria, harlanduzko moldurak dituen irteten den zurezko balkoi bat eta zurezko lanak dituen kanez eutsitako hegala.
Pertsonaiak
Hasi Jaimes de Zamoratik eta Patri Urkizuraino, lezoar ugarik izan dute sona herritik kanpora, gizarteari emandakoarengatik edo beren bizipenengatik. Tartean ditugu pilotuak, militarrak, apaizak, idazleak, musikariak, bertsolariak edo txistulariak.
Pilotu nagusia. Felipe II.aren denboretan Florida, Flandria, Ingalaterra, Irlanda, Eskozia eta Norbegiako itsas-ertzak ikuskatu ondoren, hauetaz, Mediterranioaz eta Espainiako ertzez ziharduen "Mareas derrotas" izeneko tratatua idatzi zuen.
Almirantea. Infanteriako kapitaina izan zen eta ohizkoa ere bai. Orán, Ceuta eta Tanger-eko gudaldietan izan zen. Pedro Menéndez de Avilés armadako generala zelarik, Floridatik frantsesak kanporatu zituztenean ere bertan zen.
Apaiza. Salamancako Unibertsitatean teologian doktore. Lezoko parrokiako benefiziadu izan zen, Nigráneko (Pontevedra) abadea, Nava de Arévalako (Avila) apaiza, Iruñeko gotzaitegiaren ganbara apostolikoko fiskala eta Iruñeko gotzaitegiko, Madrilgo gorteko eta Toledoko artzapezpikutegiko konfesore eta hizlari orokor ere izan zen. 1612an bere anaia Onofre hil zelarik, haren tokia hartu zuen Lezoko Errege Ontzioletan eginiko ontzien material eta horniduren arduradun postuan.
Apaiza (1658-1739). Teologian doktorea. Sevillako Santo Tomás ikastetxean artea, gramatika eta teologia ikasi zituen. Urte luzez, 1708an postuari uko egin zion arte, Lezoko Parrokiako benefiziadun izan zen.
Bertsolaria (1867-1952). Gaztetan Capuchinoseko lurmuturrean zegoen "Real Compañía Asturiana de Minas" labe garaietan egin zuen lan. 1894an Donostiara ezkondu zen. Han lanbidez kale-garbitzaile izan zen. Euskaraz ezin konta ahala bertso-paper argitaratu zituen. Antonio Zavalak horietarik berrogeita hamarretik gora liburu batean bildu zituen.
Margolaria (1883-1952). Meza-laguntzaile zela, Eusebio Pildain apaizak marrazten oso trebea zela antzeman zion eta Gurutze Santua ikustera maiz etortzen ziren Cubas-eko Markesen esku utzi zuen 1896an, eta horien babespean arte-prestakuntza sendoa jaso zuen.
Honela, lehenik Donostiako Arte eta lanbide eskolan sartu zen. Gerora Madrileko San Fernando Arte Ederren Eskolan, non Alejandro Ferrant-en ikasle izan baitzen, eta azkenik, Luis Menéndez Pidalen lantokian aritu zen. 1903an Gipuzkoako Aldundiaren pentsio bat irabazi zuen eta "Estudio de interior" izeneko bere koadroa Madrileko "Circulo de Bellas Artes"eko erakusketan irabazle gertatu zen.
Sari gehiago lortu ondoren, 1909an Parisera joan zen garai hartan pil-pilean zeuden joera artistikoak ezagutzera eta bere estilo klasizista finkatzera. 1912an, "La procesión del Corpus en Lezo" izeneko bere lanik bereizgarrienarekin Madrileko Erakusketa Nazionaleko lehen domina irabazi zuen, eta 1913an Munich-eko Nazioarteko erakusketako urrezko domina. 1944an "Real Academía de Bellas Artes de San Fernando" delakoan sartu zen akademiko oso gisa. Bat-batean hil zen Madrileko San Francisco el Grande elizako Concepción Kaperaren sabaiko pintura batzuk berritzen ari zela.
Gotzaina (1890-1973). "Universidad Pontificia Gregoriana de Roma" delakoan teologia doktore 1911n. Euskara, frantsesa, latina, grekera, hebraeera, gaztelera eta italiera ezagutzen zituen. 1913an apaiztu ondoren, Gasteizko Elizbarrutiko Apaiztegian irakasle izan zen, hebraeera, teologia dogmatikoa eta filosofiaren historiako katedrak bereak zituelarik.
1918an Gasteizko katedraleko "Canonigo lectoral" izendatua izan zen eta apaiztegian beste bi katedra eskuratu zituen: historia bibliarra eta idatzi sakratuak. Bigarren Errepublikan, 1931-1933 legealdian, Gorteetarako diputatu izan Gipuzkoatik eta euskal gutxiengoa deiturikoaren partaide izan zen ganbaran. Hizlari bikainaren sona lortu zuen legebiltzarrean. Kanarietako gotzai titularra izan zen 1937tik 1966ra. Urte horretan adin eta osasun arrazoiak zirela medio kargua utzi zuen. Francoren erregimena garbiki kritikatu zuen gotzain bakarretarikoa izan zen.
Dotrina mailan atzerakoi eta burugogor xamarra bazen ere, gizarte mailan aski aurreratua zen. Las Palmas de Gran Canarian hil zen.
Olerkaria (1894-1930). Elias Salaberriaren lehengusua. Hamalau urtetan "Real Compañía Asturiana de Minas" lantegiko bulegoetan hasi zen lanean. Erlijio, kultura eta literatura aldizkari eta egunkari askotan hartu zuen parte, bai Euskal Herrian bai eta Amerikan ere, batez ere Aránzazu, Iruñeko Zeruko Argia, Euskal-Esnalea, Donostiako Argia, Baionako Gure Herria eta Buenos aireseko La Baskonian. 122 olerki, ipuin batzuk, zenbait itzulpen eta Lezoko hiztegiño bat idatzi zituen euskaraz. Ezkondu zenetik Pasai Antxon bizi izan zen harik eta lanetik zetorren batean trenak harrapatu eta hil zen arte.
Musikagilea (1901-1989). Zubigar olerkariaren anaia. Haur denboretan Lezoko parrokiako koruko partaide izan zen eta José Guezala organujolearen solfeo-eskolak jaso zituen. Musika ikasketak Arantzazuko Ikastetxe Frantziskotarrean egin zituen eta Donostiako kontserbatorioan jarraitu zituen piano, organu, konposizio eta akonpainamentu karrerak eginez.
Organu ikasketak Madrilen eta Parisen zabaldu zituen, azken horretan Charles Lebout-ekin. 1936ko gudak Pasaia San Pedron harrapatu zuen, bertako organujole baitzen. Guda bukatu eta gero urte asko egin zituen Madrileko Frantziako enbaxadan organujole ofizial gisa eta aldi berean kontzertu ugari eskaini zituen Radio Nacionalen, San Jeronimo el Real eta San Marcos parrokietan, eta El Escorialeko monastegian. Donostian ere zenbait emanaldi egin zituen Artzain Onaren katedralean eta Santa Maria basilikan. 1954an, oposaketa bidez, Donostiako kontserbatorioko organu-katedra irabazi zuen eta hemezortzi urtez aritu zen lan horretan. Real Academía de Bellas Arteseko kide urgazlea izan zen.
Idazlea. 1946an jaio zen. Salamancako Unibertsitatean Filologia erromanikoan lizentziatua (1970) eta EHU-an Euskal Filologian doktore 1986an. Francoren diktaduraren ondoren Lezoko lehenengo alkatea izan zen 1979-1983 legealdian; Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria 1989-1993 artean; hainbat literatur lehiaketatan irabazle gertatu da ipuin, saio eta olerki sailetan; halaber, euskal testuen editore oparoa, batez ere Ipar Euskal Herriko testuen editore. Zenbait urtez irakasle lanetan aritu da euskal hizkuntza eta literatura arloa jorratuz, Bordele eta Deustuko Unibertsitateetan. 1991z geroztik UNED-eko euskal hizkuntza eta literaturako irakasle titularra da eta euskaltzain urgazle ere bada.
Aplikazio habiaratuak
Mapa web
Tramiteak
Gobernu irekia
Lezo Ezagutu
Udala
Harremanetarako

