Lezo bai, Eskola Kirola ere bai

Og, 2022-02-17 10:22

Eskola Kirola bultzatzen jarraitzen du udalak.

Lezoko Eskola Kirola programan parte hartzen duten haurrek oparitxoa jaso dute urteetako bere lana eta jarduerarekiko atxikimendu eta alaitasun ekarpena medio.

Lezoko Eskola Kiroleko Batzordeak aurrera eraman duen ekimena da. “Garai ezegonkor honetan eskola kiroleko programan ilusio eta gogoz parte hartzen duten haurrek kamiseta jantzi eta harrotasunez Lezoarrak direla eta Eskola Kirolean parte hartzen dutela plazaratzea da helburua”.

Nora Azkue, Lezoko eskola kiroleko koordinatzailea, kamiseta berri hauen banaketaz arduratu da aste honetan. “Lezo-Eskola Kirola” binomioa gauzak ondo eginak egotearen marka dira Gipuzkoan eta bada garaia hori kaleratzeko. Badirudi kirol praktikak eta kirol hastapena beste modu batez planteatzen duten agenteek indar handiagoa izaten dutela medioetan. Gure ustez, ondo eta presarik gabe eginiko lanak, kirolarien garapen integralari garrantzia ematen diona, babesa beharko luke eta medioek gure lan hori zabaldu beharko lukete” gaineratu du Norak.

Eskola kiroleko programa, jarduera fisikoa eta jolasak pertsonengan sortarazten duen gozamena haurrei biziarazi eta transmititzeaz gain, komunitatea sortzeko lan tresna ezin hobea da; komunitate orekatu, partehartzaile eta sortzen diren liskarrak modu egokian bideratzeko gai dena. “Garaia da gure eredua aldarrikatzeko eta jarduera zoragarri hau herrian eta herri bizitzan errotzeko” adierazi du Azkuek.

“Mundu mailan eginiko ikerketa zientifiko gehienek gomendatzen dute gure eskola kiroleko ereduan oinarritutako kirol hastapena, bai pertsonek bizitza aktibo luzea izan dezaten bai errendimendu mailak hobeagoak lor ditzaten”, azpimarratu du Norak.

Lezoko Udalak haurrak eskola kirolean parte hartzea gonbidatzen ditu; Muittu, herria egin eta herria izan!

Ea Lezoko kaleak berdez betetzen dituzten gure “Lezo Eskola Kirolako” kideek!

 

Arloa edo saila