Memoria Historikoa ikasgeletan

Al, 2022-06-06 12:22

2021/2022 ikasturteko jardueren balorazioa.

Herriko Memoria Historikoa lantzeko zenbait ekimen garatu ziren maiatzean Lezoko Institutuko DBH 4.ko ikasleekin.

Hasiera batean Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren Taldearen ideia izan bazen ere, egitasmoa ikastetxearekin batera antolatzea erabaki zuten eta ikastetxeko zuzendaritzaren aldetik harrera ezin hobea izan dela adierazi dute.

Guzti hau aurrera eraman ahal izateko, Lezoko Institutuak antolatutako ekimenetan buru-belarri murgildu zen Etxetxo Elkartea.  Argazki-kartel materiala utzi zuten  “LEZOKO HAUR ERBESTERATUAK” erakusketa muntatzeko. Gainera, 29 ikasleekin bisita gidatua antolatu zuten USABIAGA-OIARTZABAL familiaren monolitora eta frankismoko esklaboen barrakoietara.

Halaber, elkarte honek bere esku zituen eta ekimen honetarako beharrezkoak ziren liburu, bideo, eta beste zenbait material informatibo ikastetxeari eskaini zizkion. 
Jardunaldi hauetan Lezoko Institututik parte hartu zuten irakasleak Historiakoak, Euskarakoak eta Ingelesekoak izan ziren eta oso balorazio positiboa jaso zuten. Datozen ikasturteei begira antzeko jardunaldiak egiteko hitzarmenak aurrera jarraitzen du.