Oarsoaldeak 2021. urteko jardueren memoria aurkeztu du

Ar, 2022-06-21 13:33

Lezoko Gezala auditoriumean egindako atzoko ekitaldian, Jesus Mari Martiarena garapen agentziako lehendakari eta Lezoko alkatea; Izaskun Gómez Pasaiako alkatea; Aizpea Otaegi Errenteriako alkate eta Oarsoaldeko kontseilaria; Jexux Leonet Oiartzungo alkate eta Oarsoaldeko kontseilaria; Nahikari Otermin Oarsoaldeko kontseilari eta Pasaiako Udaleko zinegotzia; eta Fernando Nebreda Oarsoaldeko gerentea izan ziren.

Hauekin batera, Oarsoaldea osatzen udalerri ezberdinetako teknikari zein zinegotzigoetako kideak, eskualdeko hainbat erakunde, enpresa eta eragiletako ordezkariak eta Oarsoaldea garapen-agentziako langile guztiak, 2021eko memoriaren aurkezpenean ere izan ziren atzo.

Martiarenaren hitzetan, 2021. urtea erresistentzia eta berraktibazio-urtea izan da Oarsoaldean. Agentziatik enpresa-ehunaren zati bati eusten saiatu dira, covid19aren pandemiak eragindako efektuaren ondoren, eta, aldi berean, beste sektore batzuetako enpresei lagundu diete beren jarduera berreraikitzen eta berrabiarazten.

Eragileen arteko lankidetza-esparruak indarberritzen eta sendotzen jarraitu du, eta erakundeek gobernantza eta eskualde-esparrua indartzearen aldeko apustua egiten jarraitu dute. Apustu horiek, alde batetik, enpresen berraktibatzeko eta digitalizatzeko helburua duten proiektuen bidez gauzatu dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitartez. Bestetik, bereziki nabarmentzekoa da 2021ean Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu programa abian jarri izana, Euskadiko ekonomia eta enplegua suspertzeko. Programa horrek baliabideen injekzio garrantzitsua ekarriko du 2021-2023 hirurtekorako, eskualdean hainbat proiektu estrategiko abian jarriz.

Garapen Agentziak berak kudeatutako proiektu horien artean, 2021ean, Gizarteratzeko eta Laneratzeko Poloa jarri zen martxan, Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak lagunduta eta finantzatuta. Honen bidez, jarduera multzo garrantzitsu bat garatzen hasi zen, kolektibo behartsuen gizarteratze eta enpleguratzea hobetzeko, baita ekintzailetza eta eskualdeko enpresa-sarean berrikuntza eta digitalizazioa ere bultzatzeko, jarduera ekonomiko eta enpleguaren iraunkortasunerako funtsezko elementu gisa.

Agentziaren lan-arlo bakoitzean gertatutakoa laburbilduz, hauek lirateke azpimarragarrienak, Nebredak adierazi zuenez, 2021ean egindako mugarriak jasotzen zituen bideo baten bidez:

  1. Pertsonen arreta

Oarsoaldeak eskualdeko langabetuak gizarteratzeko eta hauen laneratzearen alde lan egiten du, haien beharretara egokitutako laguntza-neurri eta enplegu-baliabide espezifikoen bidez. Ildo horretan, 2021ean, orientazio-zerbitzuak 1778 langabetu artatu zituen (120 gizarte-zerbitzuetatik), eta lana bilatzeko prozesuan laguntzen saiatu zen, aholkularitza eskainiz, kontratazio-programetan parte hartuz (66 kontratu publiko sustatuta/72 kontratu diruz lagunduta), lanerako prestakuntzako tailerrak eginez (8 profesionaltasun-ziurtagiri – 120 pertsona).

Pertsona bakoitzak enplegagarritasun-maila desberdina duenez Oarsoaldean bereziki azpimarratzen da kolektibo ahulenen laguntza, haiek baitira gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasun handienak dituzten pertsonak.

Zentzu honetan, 2021ean zehar honako hauek lagundu ahal izan dugu:

  • GAZTEAK: Lehen Aukera (19 pertsona kontratatuta) edo Hazilan Proiektua (45 parte-hartzaile) bezalako programekin.
  • BAZTERKETA EGOERAN DAUDEN PERTSONAK:
    • EREITEN lanerako prestakuntzako tailerra (12 parte-hartzaile).
       
  • BAZTERKETA ARRISKUAN DAUDEN PERTSONAK: 
    •  Badia Berri (gizarteratze-enpresa, batez ere emakumeak)
    • Oarsolan (gizarteratzeko eta laneratzeko proiektua, 45 pertsona)
    • Kokatu (prestakuntza eta kontratazioa, 5 pertsona)
    • Proiektu bereziak (LANEKIN, ZILARBIDE, PIZGARRI, prestakuntza, 60 pertsona).
       
  • BESTE KOLEKTIBOAK (DSBE, +55, epe luzeko langabeak): 66 pertsona kontratatzea.
  • FAMILIAK
    • Etxeko-lan, etxeko enpleguaren eta pertsonen zaintzaren zerbitzua (52 familia aholkatuta, 34 lanpostu sortuta).

Guztira 607 pertsonak hartu dute parte agentziak gauzatutako enplegu-programetako batean.

Laneratzen laguntzeko orduan, agentzia ez da soilik pertsonengana zuzentzen. Eskualdean aberastasuna eta enplegua sortzen duten enpresei ere zuzentzen zaie, hauek haien beharretara hobekien egokitzen diren pertsonen profilak hauta ditzaten (120 enpresa bisitatu ziren 2021ean). Enpresei esker, lan-bitartekaritzako zerbitzuak 327 lanpostu kudeatu ahal izan zituen 2021ean.


Horrek guztiak, hein handi batean, eskualdeko enplegua suspertzen laguntzen du. Eta hala berresten dute Oarsoaldeko langabezia-tasaren datuek, 2021eko amaieran (2021eko abendua - %9,67) puntu 1 baino zertxobait gehiago jaitsi baitzen, urte hasierako datuekin alderatuta (2021eko urtarrila %10,86 zen). Hau da, 2021. urtearen amaieran, urte hasieran baino 440 pertsona gutxiago zeuden langabezian Oarsoaldean (2021eko urtarrila, 3953 langabe; 2021eko abendua, 3.513 langabe).

  1. Ekonomia eta lurralde-garapenerako estrategia

Oarsoaldeak eskualdeko enpresa-ehuna mugiarazten eta dinamizatzen du, erronkei aurre eginez, eta eskualdea aukera-ingurune gisa proiektatuz.

2021ean trantsizio digital, ekologiko eta demografikoaren erronkei aurre egiten laguntzea, enpresen hobekuntza zein lehiakortasuna sustatzea, eta estrategikotzat jotzen diren sektoreetan ekintzailetza bultzatzea izan dira oinarri nagusiak. Ildo horretan, urteko azken hiruhilekoan, Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu programa abian jarri zen, Oarsoaldeko eskualdea lehentasunezko jarduera-eremu gisa berrabiarazteko, eta, horri esker, proiektu berriak bultzatu dira.

11 proiektu kudeatu dira guztira, eta 208 enpresak parte hartu dute horietan. Guztira 59 dinamizazio-ekintza izan dira, eta 656 pertsonak parte hartu dute.

Proiektu horiei esker, enpresei lagundu zaie:

    • Covid 19aren krisiaren ondoren suspertzen (Oarsoaldea SUSPERTUZ I eta II).
    • Eraldaketa teknologiko eta digitalean (4.0 Industria. Bideratzaileak, ETE digitala, Hazinnova).
    • Talentua hurbilduz (Talentua Ereiten).
    • Diagnostiko energetikoen bidez (Energia Plana).
    • Enpresa-transmisioko prozesuez sentsibilizatu nahi duten proiektu berritzaileak sustatuz. (Berrabiatu).
    • Sormena eta ekintzailetza bultzatuz (Garapen Sortzailea, Enpresen Zentroa, Habian! Artisau Auzoa).

Horrela, 115 ekintzaile lagundu ahal izan ditugu, guztira 23 bideragarritasun-plan sortuz. 21 mikroenpresa sortu dira, eta horien bidez 27 lanpostu zuzen sortu ziren. Era berean, enpresa-zentroari eta Habian! hazitegiaren proiektuei esker, guztira 23 proiektu sortu ziren.

  1. Oarsoaldea Helmuga

COVID-19ak iaz sortutako egoerak eragin handia izan du eskualdeko turismo-sektorean.

Egoera horren aurrean, baliabideak birbideratu eta orain arte gauzatutako proiektuak egoera berrira egokitu behar izan ziren, sektoreari lagunduz eta gertuko turismoa sustatuz.

Baina etorkizuna ezin itxaropentsuagoa da sektorearentzat. Izan ere, plan estrategikoak badia, naturguneak eta gastronomia aipatzen ditu eskualdeko turismo-baliabide nagusitzat. Eta Oarsoaldeak baliabide turistiko gisa duen balioa indartu nahi du, natura eta kultura-ondarea bereziki nabarmenduz.

Horrela, lurraldearen erakargarritasuna hobetzea, funtsezko baliabideak eta haien irisgarritasuna indartzea, sektorea egituratzea eta biztanleria bera sentsibilizatzea dira etorkizunerako jarduera-oinarriak.

  1. Hiri Berriztapena eta Mugikortasuna

Helburua izan da eskualdeko hiri-inguruneak suspertzea, bertako eraikin eta espazio publikoen birgaitzea bultzatuz eta bertako jarduerak biziberrituz.

Oarsoaldeko Birgaitzeko Hirigintza Elkartetik 20 urte baino gehiago daramate eskualdeko herritarrei beren etxebizitzak birgaitzen laguntzen. Laguntzak, orain inoiz baino gehiago, irisgarritasunera bideratuta daude, eta Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen ditu. Laguntza horiek estaldura handiagoa ematen diete 65 urtetik gorako pertsonei eta energia-eraginkortasuna hobetzera zuzenduta dauden fatxada-obrei, Europako Next Generation funtsen bitartez.

Era berean, sailak aktiboki lan egiten du mugikortasun orekatuagoa sustatzen duten proiektu eta ekintzetan parte hartuz (bizikleta mahaia eta taxiaren eskualdeko batzordea), trantsizio energetikoa sustatzen duten proiektuetan (energia bulegoa) eta iraunkortasuna eta ingurumenarekiko konpromisoa sustatzen duten proiektuetan (Score proiektua).

  1. Euskara

Oarsoaldeko lau herrietan indarrak batzen jarraitzen dute eskualdean euskararen ezagutza eta, batez ere, euskararen erabilera areagotzeko.

Horretarako, bereziki azpimarratu behar dira euskara gehiago erabiltzeko asmoz zuzendutako ekintzak, batez ere haur eta gazteen artean, haien familien artean (3700 familia lortu dira), baita euskarazko hizkuntza-ohituren errotzea areagotzen duten ekintzak ere, eskolaz kanpoko jardueren eta aisialdiko jardueren bidez (457 gazte Kuadrilategi proiektuan).

Era berean, merkataritza- eta lan-mundu inguruko euskalduntzean (48 enpresa, praktikak euskaraz egiten dituztenak) baita helduen euskalduntzearen alfabetatzean (835 ikasle euskaltegietan) eragiten jarraitzen dute.

  1. Kontsumoa

Kontsumo-bulegoak kontsumitzaileen heziketan lan egiten jarraitzen du, hauek haien eskubideak eta betebeharrak ezagutu ditzaten, eta arduraz jokatzeko irizpidea izan dezaten, eta baita enpresekin ere, hauek kontsumitzaileen eskubideak ezagutu eta errespeta ditzaten.

2021ean, 1559 pertsona artatu zituen gure bulegoak. Guztira 345 erreklamazio jaso ziren; horietatik 289 (% 83.7) izapidetu ziren, eta 207 (% 71,6) konpondu.

Oarsoaldean komunikazioa ere lantzen da, funtsezkoa baita gure proiektu eta ekintza guztiak gure herritarrengana ez ezik, eskualdetik kanpo ere ezagunak izateko.

2021ean:

- 106 prentsa-ohar sortu ziren.

- 446 inpaktu egon ziren prentsan eta Interneten.

- 26 ekitaldi antolatu ziren.

- Oarsoaldeko web berria estreinatu zen (oarsoaldea.eus).

- Instagrameko kanal berria abian jarri zen.

Aldiberean, Oarsoaldean etengabeko hobekuntzaren alde lan egiten da. Horrela.

  • Urrezko BIKAIN euskararen kalitate-ziurtagiria eskuratu da.
  • Oarsoaldeko kalitate-sistema berritu eta berriz ere ikuskatu da. ISO 9001:2015 ziurtagiria
  • Agentziaren proiektuak 2030 Agendarekin bat datozen definitzea eta aztertzea.

Agentziatik, aitorpen publikoa eginez, azpimarratu nahi izan zen jarduera eta lorpen hauek guztiak ez zirela posible izango ilusioz, dedikazioz eta ahaleginez Oarsoaldea eskualdearen etorkizunari laguntzeko zerbitzuak ematen eta proiektuak garatzen dituzten pertsona guztien inplikaziorik gabe.

Hori dela eta, eskerrak eman nahi izan zizkieten agentzia osatzen duten pertsona guztiei, aurten giza kalitatea, maitasuna eta inplikazioa erakutsi dutelako, bai eta haien funtzionamendu egokia ahalbidetzen duten enpresa, erakunde eta eragile guztiei ere. Eta batez ere eskualdean bizi eta lan egiten duten pertsona guztiei, are gehiago garai zail hauetan, horiek baitira Oarsoaldea garapen-agentziaren jardueraren kausa eta helmuga.

 

URTEKO TXOSTENA HEMEN KONTSULTATU