Lezoko euskararen kale erabilera orokorra %30ekoa da

Ar, 2022-07-05 13:39

2019an baino %2,6 puntu gutxiago.

Egunotan aurkeztu dituzte Euskararen Herri Batzordeko kideek, Lezoko hizkuntzen kale erabileraren neurketak eman dituen datuak. Garrantzitsuena, Lezoko herrian euskarak kalean duen presentzia: %30,0. Kalean zehar entzundako elkarrizketen ia herena euskaraz dira. Datua duela bi urte baino %2,6 puntu baxuagoa da.

Gazteen kasuan azken neurketak eman duen datua %25,0ekoa da. Hau da, 15-24 urte bitarteko gazteen laurdena euskaraz aritzen da kalean. Datu hau ere, aurreko neurketak eman zuena baino %3,5 puntu baxuagoa da. Dena den, larria da gazteen laurdenak soilik erabiltzea euskara, %100ak euskara badakienean.

Balorazioa positiboa Lezoren aukerekin

Edonola, Euskararen Herri Batzordeko kideak ez dute etsi eta irakurketa positiboa egiten dute. Herriko ezagutza maila %70 izanda eta gazteen ia %100ak euskara jakinda, erabilera iraultzeko aukerak azpimarratu dituzte.

Horregatik, bai helduei, bai herrian dauden eragile eta sektore ezberdinei bakoitzak ahal duena euskaraz egitera luzatzen dute gonbita, gazteak euskararen garrantzia ikus dezaten eta beraien artean euskaraz egitera animatzeko. Ez da soilik gazteen lana, herri osoarena baizik! Euskaraz bizitzeko aukerak baditugula diote.

Bestalde, Euskararen Herri Batzordeak, norabide horretan urratsak emateko ekimen bat prestatzen ari dela aurreratu du, zehaztasun gehiago eman ez badute ere.

Aipatutakoaz gain, beste datu esanguratsuak

· Adin-multzoak:         Haurrak (2-14 urte):               %43,8 (2019an %46,7)

                                   Gazteak (15-24 urte):            %25,0 (2019an %28,5)

Helduak (25-64 urte):             %29,2 (2019an %29,5)

                                   Adinekoak (65etik gora):        %17,1 (2019an %19,5)

· Sexua:                     Emakumezkoak:        %31,8 (2019an %38,2)

                                 Gizonezkoak:             %28,3 (2019an %34,8)

Arloa edo saila