2016ko martxoak 17

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2016ko martxoaren 17an, 19:30ean, eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKO egiteko xedez, lehen deialdian, Kepa Garbizu Azkue alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Maria Noemi Arbera Oses, Alfredo de la Puente Pagola, Xubero Ubillos Apaolaza, Enrique Figueroa Laboa, Irlentz Ortega Ugalde (EAJ-PNV udal taldea), Ainhoa Zabalo Loiarte, Mikel Arruti Salaberria, Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra, Igor Cordero de la Fuente, Angel Portugal Formoso (EHBILDU udal taldea) eta Jose Angel Sanchez Gallardo (Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos).

Ez da bileran egon Garazi Kuesta Unzain (EHBILDU udal taldea)

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

Idazkariak ohartarazi du, bilararen gai zerrendaren 2. puntua ez dela tratatuko, Garazi Kuesta Unzain zinegotziak atzera egin baitu bere zinegotzi kargurako errenuntzian.

  1. Alkate eta Zinegotzi karguari uko egiteko proposamena (2016ID280002).

Alkateak dio martxoaren 11an idatzia aurkeztu zuela udal erregistroan (681 zenbakia) alkate eta zinegotzi karguak utziko zituela esanez.

2015ko ekainaren 13an Udalbatzaren eraketarako egindako bilkuran, zinegotzi kargua hartu zuen eta, Hauteskunde Erregimen Orokorreko 5/85 Lege Organikoko 196. artikuluak finkatzen duen ildotik, Lezoko udaleko alkatea izendatua izan zen –Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) hauteskunde-zerrendan zegoen–.

Toki Erakundetako Antolaketa, Jarduera eta Araubide Juridikoaren Arautegiaren (AJA) 40.4 artikuluaren arabera, alkate karguari uko egitea idatziz egin du Udalbatzaren osoko bilkuraren aurrean, zeinak hurrengo hamar egunetan karguari uko egin izanaren berri jaso behar baitu.

Uko egin izanaren berri izan ondoren, alkate kargua hutsik geratzen da. Hauteskunde-legedian aurreikusitako prozeduraren bidez alkate berria izendatu arte, alkateordeek beteko dituzte hutsik dagoen kargua, izendapen ordena jarraituz (TAOLren 23.3 art. eta AJAren 47.1 art.: alkateordeei dagokie alkatea ordezkatzea haren eginkizun guztietan, harik eta alkate berria karguaz jabetu arte).

Kontuan hartuta AJAren 40.5. artikulua, “karguari uko egiteagatik, heriotzagatik edo epai irmoagatik kargua hutsik geratuz gero, alkate berria hautatzeko ezohiko bilkura Udalbatzak uko egitea onartu eta hurrengo hamar egunetan egingo da hauteskunde-legedian ezarritako baldintzak betez.”

Alkate berriaren izendapena Hauteskunde Erregimen Orokorreko Lege Organikoko 198. eta 196. artikuluetan xedatutakoaren arabera egingo da, eta beraz, alkatea zegoen zerrendako hurrengo hautagaia da lehena, baldin eta ez badio bere hautagaitzari uko egiten.

Zinegotzi karguari ere uko egin dio, eta ondorioz horren berri eman dio Udalbatzari (AJAren 9.4. art.), eta Hauteskunde Erregimen Orokorreko Lege Organikoko 182. artikulua bete beharko da bere ordezkoa izendatzeko.

Errenuntzia honen ondoren Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) hauteskunde-zerrendan zinegotzirako hurrengo hautagaia Jesus Maria Martiarena Jaca da.

Zinegotzi kargua hartzeko, lehenik zinegotzi izateko kredentziala jaso behar da udalean. Kredentziala egitea Hautesle Batzorde Zentralari dagokio.

Kredentziala iritsi ondoren, ondasun eta inkonpatibilitate aitorpenak egin beharko ditu udal idazkaritzan eta horiek egin ondoren deitzen den osoko bilkura baten aurrean kargua hartu ahal du.

Alkateak dio Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) Gipuzkoako Buru Batzarrarekin (GBB) zabor bilketa sistema mistoaren inguruan izan dituen desadostasunengatik uzten duela kargua.

Hitzez hitz honela dio alkateak: “Lezoko EAJk eta EHBilduk akordioa lortu genuen gure udalerrian zabor bilketa sistema mistoa adosteko. Akordio horretan sinisten dut, gure herriko zaborrak kudeatzeko modurik egokiena delako. Alderdikeriak alde batera utzita, herriarentzat onena zelako hartu genuen erabakia. Eta horrela pentsatzen jarraitzen dut. GBB beste iritzi batekoa da; ez du begi onez ikusi akordioa, zenbait herritarrek begi onez ikusi ez duten bezala. Egoera horren aurrean nire kargua alderdiaren esku utzi eta ostiralean aurkeztutako dimisioa berresten dut.”

Nik kargua utzita, Noemi Arberas lehenengo alkateordeak alkate funtzioak hartuko ditu. Hamar eguneko epean ezohiko batzarra deitu beharko du Noemi Arberasek alkate berria izendatzeko.

Ezohiko batzar horretan alderdi bakoitzak bere hautagaia aurkeztuko du (hautagaiak zinegotzien artetik atera behar du) eta lehenengo bozketan zazpi boto jasotzen dituen hautagaiak aginte makila eskuratuko du. Inork zazpi boto jasoko ez balitu, azkeneko Udal Hauteskundetan boto gehien jaso zituen alderdiko hautagaia izango da alkate berria.”

Orain arte alkate eta zinegotzi izan den Pedro Maria Garbizu Azkueren hitzen ondorio dira:

BAT: Udalbatzak Pedro Maria Garbizu Azkue Lezoko Udaleko alkate eta zinegotzi karguei uko egitearen berri hartu du.

BI: Hutsik geratzen den karguak betetzeko beharrezkoak diren izapideak hasi egingo dira eta Hautesle Batzorde Zentralari hautes-zerrendako hurrengo hautagaiaren kredentziala egitea eskatu zaio, hau da, Jesus Maria Martiarena Jacarena.

Alkate eta zinegotzi kargua utzi duen Pedro Maria Garbizu azkuek eskertu egin du eginkizun horietan izan duen laguntza.

Ainhoa Zabalo zinegotziak (EHBILDU) esan du EAJrekin akordio ezberdinak lortu dituztela legealdi honetan (2016ko udal aurrekontua, Lurraldeko Zatikako Planari alegazioak, hondakinen bilketa moduaren inguruan, ...). Adostasunak alderdikeriak utzita eta herriarentzat hoberena zer zen pentsatuz lortu direla dio. Eta jarrera egokia hori dela defenditu du. Bere taldearen izenean hoberena desio dio Garbizu Azkue jaunari.

Mikel Arrutik dio legealdian frogatu dela bakoitzaren interesetatik gain herritarren interesak lehenestea badagoela. Azpimarratu du bai aurreko legealdian bai oraingoan zinegotzien arteko tratu pertsonala oso ona izan dela, baita ere orain arteko alkatearekin. Eta dio pena bat dela 37 urteko zinegotzi ibilbidea horrela utzi beharrak bide onetik zihoanean.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 19.35etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 1243200tik 1243202ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna