Aurkeztu da LESOINUren XXVII. edizioa

Ar, 2013-03-12 13:11

Gaur goizean aurkeztu den Lesoinu Aste Pedagogiko Musikalaren XXVII. edizioaren baitan, martxoaren 12tik 22ra bitartean, hainbat musika jardueraz gozatzeko aukera izango da Lezoko areto eta kaleetan zehar.


Gaur goizean aurkeztu dute Lesoinu Aste Pedagogiko Musikalaren XXVII. edizioa. Ainhoa Zabalo Lezoko alkatea, Mikel Arruti Lezoko Udaleko Kultura zinegotzia eta Xanti Espina “Tomas Garbizu” Lezoko Udalaren Musika Eskolako zuzendariak parte hartu dute agerraldian.


Tomas Garbizu Lezoko Udalaren Musika Eskolaren eskutik, aurtengoan 27 urte beteko ditu Lesoinu musika zikloak. 1986. urte aldera hasi zen Aste Pedagogiko Musikala, hiru hamarkadetako ibilbidean zehar gorpuztu eta sendotu egin da, gaur egun erreferentziazko musika egitasmoa bat izatera iristeraino.


Ainhoa Zabalo Lezoko alkateak “harro eta pozik” aurkeztu du aurtengo edizioa, musika zikloak duen “izaera pedagogikoa” azpimarratu eta musikazale guztiei zuzenduriko ekimena dela adieraziz: “Gaurtik bertatik, martxoaren 22ra bitartean, egitarau oparoa antolatu dugu. Oparoa eta anitza, Lesoinu badelako musika aldi bat, askotariko ikuspegitatik musika bizi duten guztiei zuzendutako
zikloa. Musikazale guztiei zuzenduriko ekimena da Lesoinu”.


Jarraian, Xanti Espina Tomas Garbizu Lezoko Udalaren Musika Eskolako zuzendariak hartu du hitza. Musikaren eta pedagogiaren arteko “fusioaz” hitz egin du, orain arteko edizioetan bezalaxe aurtengoan ere horixe izango delako egitasmoaren ardatza. “Musikari, artea izateaz haratago, esanahi pedagogiko bat eman eta Lezoko herritar guztiek, bereziki Musika Eskolako ikasleek, diziplina eta ikuspegi ezberdinetako musika ekimenez gozatzeko aukera ematean datza Lesoinu” azaldu du Espinak.