Fènix 1123

Al, 2013-04-22 15:41

Fènix 1123 filmaren proiekzioa Gezalan

Filmaren ondoren, gertakarien protagonista den Èric Bertran berarekin solasaldia egingo da.

Lezoko Udaleko Kultura Sailak antolatuta, Fénix 1123 filmaren proiekzioa izango da apirilaren 25ean, osteguna, 19:00etan, Gezala Auditorium-ean. Filma jatorrizko bertsioan proiektatuko da, alegia, katalanez, eta gaztelerazko azpitituluak izango ditu.

Behin filma amaituta, benetako gertakarien protagonista berarekin, Éric Bertranekin solasaldia egiteko aukera izango dute ekimenera gerturatzen diren herritarrek.

Benetako gertakizunetan oinarritutako filma da. Harry Potter y la Orden del Fénixfilmean inspiratuta, 2004ko udazkenean, Èric Bertran (Nil Cardoner) 14 urteko mutikoak, hizkuntza katalana defendatzeko web orri bat irekitzen du. Horixe da filmaren abiapuntua. Gau batean, 30 Guardia Zibil bere etxera sartzen dira, informatikari terroristatzat akusatuz. Bertranen krimena, supermerkatu kate bati mezu elektroniko bat bidaltzea, etiketak katalanez jarri ditzaten eskatuz.

Joel Joan eta Sergi Larak zuzenduriko eta Albert Plans eta Héctor Hernándezek idatzitako filma da Fénix 1123. Drama generoan kokatzen den lana, 2011ean ekoitzi zen. Lanak kritika bikainak jaso ditu eta zinema jaialdi garrantzitsuetan lekua egitea lortu du. Laster, Salisbury International Festibal-en pase berezia izango du, eta Erromako Rome Independent Film Festival-en ere hartuko du parte. Aurtengo Gaudí sarietarako 7 izendapen lortu ditu pelikulak.