Zarata akustikoaren azterketa

Og, 2015-11-05 11:50

Orain arte jasotako datuak egiaztatzeko telefono bidezko inkestak egingo dira datozen egunotan

Lezoko Udala, AAC Acústica Aplicada S.L. enpresarekin elkarlanean, udalerriko zarata akustikoaren azterketa egiten ari da. 2015eko urtarriletik ari dira lan horretan, eta orduz geroztik udalerriko soinu-mapak egin dira eta Pasaiako portuak sorrarazten duen zarata akustikoa neurtu da.

Emisio eta immisio mailak jasotzeko zarata akustikoa neurtzeko Eusko Jaurlaritzak urriaren 16an onartutako 2013/2012 Araudiak jasotzen duen metodologia jarraitu da. Horren arabera, neurtu beharreko zonalde bakoitzari kalkulu metodo propioa aplikatu zaio. Besteak beste, errepideak eta kaleak; industria-guneak eta Pasaiako portua aztertu dira.

Industria-guneetan, esate baterako, neurketak bertatik bertara egin dira, hots, industria fokuetan. Bestalde, zenbait etxebizitzetan errealitatearen berri ematen duten epe luzeko neurketak egin dira. Neurketa horiek gainera, soinu mapan jasotako emaitzekin alderatu dira.

Azterketa horien emaitzak prozesua amaitu ondoren ezagutaraziko diren arren, aurrerapen gisa esan daiteke Lezo, orokorrean, zarata akustikoari dagokionean udalerri lasaia dela –herritarren % 4k baino ez du pairatzen maila altuko kutsadura akustikoa gauean–. Hala ere, badira hobetu beharreko arazo puntualak: Jaizkibel Hiribideko eta Elias Salaberriako errepideetako zarata akustikoa edota Pasaiako portuak inguruko etxebizitzetan sorrarazten duena. 

Telefono bidezko inkesta
Orain arte jasotako datuak egiaztatzeko helburuarekin, datozen egunotan AAC Acústica Aplicada enpresako teknikariak telefono bidezko inkestak egingo dituzte herritarren artean. Inkestaren xedea da lezoarren iritziak haien ahotik ezagutzea. Hori dela eta, Lezoko Udalak herritarrei kolaboratzeko deia luzatu die “halako inkesten bidez udalerriaren egoera ezagutzeko aukera ematen digutelako, eta noski, arazoei irtenbide egokia emateko pistak ematen dizkigute”.

Azterketa guztiz amaitu ondoren, emaitzak jendaurrean jarriko dira. 

Arloa edo saila