Kirol kanpainan aukera ugari

Og, 2013-05-02 14:49

Izen-ematea maiatzaren 6an hasiko da esku-orrian jasotzen diren gune eta telefonoetan

Eskualdeko Kirol Koordinazio Mahaiak antolatu eta sustatu duen Oarsoaldeko Eskualdeko Gazteentzako Udal Kirol Jarduerak aurkeztu dira gaur goizean Lezoko udaletxeko pleno aretoan. Prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, 4 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzat dago zuzenduta aurtengo kirol eskaintza. UDA kanpainako eskaintza eskuorri bakarrean jasoko da berriro ere. Herri bakoitzak dituen berezitasunak eta tradizioak errespetatuz osatu da aurtengoa ere, eta homogeneotasuna mantendu da jarduerei eta prezioei dagokienez. Azkeneko orrialdean lau herriek batera egiten duten eskaintza jasotzen da.

Aurtengo berrikuntza eskalada da. Hamabostaldi bakoitzean eskualdeko rokodromo batean egingo da, eta eguraldiak eta taldeak aukera ematen badute egun batean arroka naturalean eskalatzeko aukera ere izango da.

Oarsoaldea eskualdeko Errenteria, Lezo, Pasaia eta Oiartzungo udalek bigarren urtez elkarrekin antolatzen eta kaleratzen dute kirol sailetako UDA kanpaina. Lau udalen baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzea du helburu, herritarrek aukera zabalagoa eta errazagoa izan dezaten.

Izen-ematea maiatzaren 6an irekitzen da, eta esku-orrian jasotzen diren gune eta telefonoetan egin daiteke.

Arloa edo saila