Udako Kirol Kanpaina: izen-ematea zabalik

Og, 2016-04-28 11:07

Oarsoaldeko lau udalek aurkeztu dute eta izen-ematea maiatzaren 2an zabalduko da

Oarsoaldea eskualdeko Errenteriako, Lezoko, Pasaiako eta Oiartzungo Udalek, elkarrekin antolatu eta zabaldu dute UDA 2016 Kirol Kanpaina, bosgarren urtez jarraian. Kirol eskaintza oparoa aurkezteko prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Lezon, bertan izan dira lau udalerrietako kirol zinegotziak Ion Txasko (Errenteria), Irlentz Ortega (Lezo), Lore Suarez (Pasaia) eta Enekoitz Markos (Oiartzun).

UDA 2016 Kirol Kanpaina lau udalek osatzen duten Eskualdeko Kirol Koordinazio Mahaiak antolatu eta bultzatu du aurreko urteetako arrakasta ikusita. Elkarlan honen helburuak, besteak beste, hauek izan dira: lau udalen baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzea eta herritarrei aukera zabalagoa eskaintzea.

Guztira, 35 jarduera baino gehiago eskaintzen dira, 3 eta 16 urte bitarteko haurrentzat. Aurreko urtean bezala helduei zuzendutako jarduerak ere lekua izango dute (16 urtetik gorakoentzat). Besteak beste, ondorengoak dira eskaintzen diren ekintzak: igeriketa, areto jarduerak, paddela, irristaketa familian, bela edota urpekaritza.

Izena emateko epea maiatzaren 2an zabalduko da. Jarduera bakoitzari buruzko informazio zehatza eskuratzeko, eskuorrian adierazten diren webgune eta telefonoak erabil daitezke. Era berean, udalerrietako kirol instalazioetan ere ekintzei buruzko informazio zehatzagoa jaso daiteke.

7.500 diptiko
Pasa diren urteetan egin den moduan Oarsoaldeko Udako Kirol Kanpainako eskaintza eskuorri bakarrean jaso da, aurreko urteko formatu berean. Izan ere, askoz ere eraginkorragoa iruditu zaigu informazio guztia modu honetan jasotzea, herritarrek eskaintza guztia begirada bakar batean bistaratzen dutelako. Eskuorrian lau udalerrietan eskaintzen diren jarduerak jaso dira.

Maiatzaren 3tik aurrera 7.500 diptiko banatuko dira. Diptikoak eskualdeko ikastetxeetan eta kirol instalazioetan banatuko dira. Halaber, eskaintza horiek guztiak lau Udaletako webguneetan zintzilikatuko dira.

Jarduera aniztasuna
Aurtengo berrikuntza, irristaketa kirolen eskaintza zabaltzea eta Errenterian antolatuko den Triatloi Eskola izango dira. Irristaketari dagokionez azken urteotan eskainitako skatea beste bi modalitateekin borobilduko da: scooter eta longa. Jarduera hauek Sportland Oarsoaldea kirol klubak eskainiko ditu.

Triatloi Eskolari dagokionez ServiOcio S.L. izango da eskolaren arduraduna. Orain artean, eskola kiroleko programaren barnean Oarsotrik antolatua, tritaloiko bi saio antolatu dira azken bi ikasturteetan. Oarsoaldeko eskola umeen artean saio horiek izan duten arrakasta ikusita gure kanpainan aukera hori eskaintzea beharrezko ikusi dugu.

Azken urteetan indarra eman nahi izan zaie itsasoarekin zerikusia duten jarduerei, eta aurten ere aurreko urtean berrikuntza gisa eskaini ziren bela eta urpekaritza ekintzak egin ahal izango dira. Joan den urteko berrikuntzekin jarraituz, “zirkoa parkean” izeneko jarduera bigarren urtez egingo da.

Gainera, Skate-Scooter-Long-eko lau asteetako ikastaroa aukeratuz gero surfa, body-a eta longboard-a ezagutzeko aukera izango da.

Prezioak eskuorrian begiratu daitezke. Halaber, bertan jasotzen dira kirolguneen eta antolatzaileen helbideak eta telefono zenbakiak.

Piraguen alokairua Donibanen
Lehen aipatutako itsaso jarduerak indartzeko apustuaren adibide garbia, Udako Kirol Kanpainako eskuorrian jasotzen den eta Pasaiako Udalak Donibaneko kirolgunean martxan jarri duen piraguen alokairua da. Ikasturte honetan martxan jarri den zerbitzua dugu aipatu berri dena.

Zerbitzuari buruzko informazioa Donibaneko webgunean eskuratu daiteke. Banakako zein binakako piraguak alokatu daitezke, ordu beterako edota egun osorako. Halaber, uda osorako bonua ere egin daiteke. Zentzu honetan, aukera ezin hobea da zerbitzu berri hau, badia eta kostaldea ezagutuz, egun pasa ahaztezinak egiteko.

Arloa edo saila