Askotariko musika emanaldiak

Az, 2013-12-18 09:05

Demode Quartet taldea abenduaren 28an izango da Gezala Auditorioan

Lezoko Udalak antolatu duen Gabonetako programazioaren barruan, musikak tarte berezia hartuko du datozen egunotan. Tomas Garbizu Musika Eskolako Bandak kontzertua eskaini zuen joan den larunbatean, eta bihartik hasi eta abenduaren 31ra bitartean musikaz gozatzeko aukera izango da Lezon.

Musika Eskolako ikasleek bere dohain eta trebetasunak erakusteko aukera izango dute. Urrunera joan gabe, bihar bertan, Musika eta Mugimendua zein Harizko Taldea ikusteko aukera izango da Gezala Auditorioan, 18:00etatik aurrera.

Ostiralerako, berriz, ipuin-kontzertua iragarri dute Gezalan (19:00) Zangotz Akordeoi Taldearekin eta Talde Koraleko ikasleekin.

Hilaren 23an, astelehena, abesbatzen txanda izango da eta Sutargi zein Aiton Borda Abesbatzek eta Atzekoate Kantari Abestaldeak kontzertua emango dute. Hori ere Gezalan izango da, 19:00etatik aurrera.

Urteari amaiera emateko, abenduaren 31n Tomas Garbizuko ikasleak kopla kantari aterako dira. 18:30etatik aurrera herrian zehar entzungo ditugu Taldeko Koralak, Trikitixa Taldea eta Aiton Borda abesbatzakoak.

Kantujira eta Kalejira

Aurreko urteetan bezala, jendetsuak espero dira Kantujira eta Kalejira. Lehena larunbaterako iragarrita dago, abenduaren 21erako. 12:00etan irtengo da Aiton Bordatik, eta herrian barrena kantuan ariko da. Ondoren, partehartzaileek txistorra jana egingo dute Aiton Bordan. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, abestien kopiak egun berean banatuko dira.

Abenduaren 24rako iragarri dute Kalejira. Hatar hator kantatzera egitasmoa Euskal Herria plazatik abiatuko da, 12:00etan, eta ordu erdi beranduago, Gurutze Santuaren plazan abestuko dute –euria egiten badu, Saldise plazan–.

De Mode Quartet

Abenduaren 28an Iruñeko laukotearen bisita jasoko dugu. 2010. urtean sortua, a capella abestutako bertsioek osatzen dute taldearen errepertorioa, beti ere hainbat instrumentuz lagunduta. Lezora bigarren ikuskizuna aurkeztera datoz, besteak beste, Queen, Aretha Franklin edo Madonaren abestien bertsioekin.

Ikuskizuna Gezala Auditorioan izango da, 20:00etatik aurrera. Sarrerak 5 €ko prezioa du, eta dagoeneko salgai daude Kulturan eta Udaleko webgunean. Emanaldia hasi aurretik ere salgai jarriko dira Auditorioan bertan. 

Arloa edo saila