Oroitzene, Lezoko sorginaren ipuina

Or, 2014-12-12 10:54

Joseba Aurkenerenak idatzi du, eta larunbatean Gezalan kontatuko du Apaxi ipuin-kontalariak

Lezon, bailarako gainerako herrietan bezala, ez dira inoiz sorginak falta izan. Kronika zaharrek diotenez, duela urte asko, Lezo Hondarribiko auzo ttipitto bat besterik ez zenean, ba omen zegoen Lezon sona handiko sorgin bat, Oroitzene zeritzana…”.

Horrela hasten da Joseba Aurkenerena idazle eta irakasleak idatzitako Oroitzene, Lezoko sorgina ipuina. Hamasei orrialdeko kontakizuna da, Ainhoa Jauregiren ilustrazioekin lagunduta. Bertan, Jaizkibeleko magalean, Oroitzene izeneko borda zaharrean bizi zen Lezoko sorginaren istorioa jasotzen da. Sorginak Gaxuxa zuen izena, baina bizi zen bordaren izenagatik zen ezagunago. Herriak miresten eta errespetatzen zuen sorginaren istorioa da. Herri osoak, Lezo Zaharreko jauntxoek izan ezik.

Oroitzenerena ez da Lezoko Udalak argitaratzen duen lehenengo ipuina. Aurrez, Trapujaleren eta Zabarreren kontakizunak argitaratu ditu; hurrenez hurren Iraitz Ugaldek eta Aritz Gorrotxategik idatziak. Mikel Arruti Euskara eta Kultura zinegotziaren hitzetan, “Oroitzenerena, aurreko biak bezala, herriko pertsonaiak ezagutarazteko ahaleginaren barruan kokatu behar da”.

Oraingo honetan, ordea, protagonista emakumezkoa da. Eta ez da kasualitatea izan. “Badira beste proiektu batzuk, baina genero ikuspegia landu beharrekoa dela uste dugu, eta gure herriko historian emakumearen presentzia aldarrikatzea inportantea dela uste dugu”, azaldu du zinegotziak. Kasu honetan, gainera, Gaxuxa edo Oroitzene, herrian oso sustraituta dago. “Euskaltegiak, esaterako, Oroitzene izena du; eta herriko emakume taldeak, berriz, Gaxuxa”, azaldu du Arrutik.

Oroitzeneren istorioa ez da benetako istorioa, hori ere argitu du. “Kontakizuna asmatutakoa da. Lezo aldizkariaren 5. zenbakian argitaratu zen lehen aldiz, 1990. urtean. Orain, egokitu, berritu eta modu atseginago batean jaso dugu. Eta asmatua den arren, Lezon oso sustraitua dagoen pertsonaiari, Oroitzene erraldoiari, bizia eman nahi izan diogu”.

Herrian zabaltzeko
Oroitzene, Lezoko sorgina ipuina zabaltzeko asmoa iragarri du Xanti Val Kultura teknikariak. Hori da, hain zuzen, argitaratu izanaren beste helburuetako bat. “Guri dagokigu lan hori egitea, gainontzean ez baitu zentzu handirik halako argitalpen batek”.

Gabonetako Programazioaren baitan, bi saiakera egingo dira. Lehenengoa larunbatean, 18:00etatik aurrera Gezalan. Apaxi ipuin kontalariak Oroitzene, Lezoko sorgina ipuinaren kontakizuna eskainiko du jendaurrean.

Eta datorren astelehenetik aurrera, urtarrilaren 24a bitartean, Liburu eta Disko Azokan jarriko da salgai ipuina, bost euroko prezioan. Azoka amaitzean, Kulturan izango da eskuragarri.

Lezoko ikastetxeekin ere saiakera berezia egin nahi da Oroitzeneren istorioa zabaltzeko, eta udal ordezkariek iragarri dutenez, “ikastetxeetan hainbat ale utziko dira gaia ikasleekin lan dezaten”.

Amaitzeko, Mikel Arrutik eskerrak eman nahi izan dizkio Joseba Aurkenerenari “Lezoko kultur ondareari egindako ekarpenagatik”. 

Asteburuko beste zitak

Gabonetako Programazioak aurrera jarraitzen du, eta asteburuan aipatutakoaz gain beste bi proposamen interesgarri izango ditugu.

Bietan lehena, Zuhaitz Gurrutxagaren bakarrizketa (ostirala, hilak 12, 22:00etan Gezala Auditoriumean). Futbolisto baten konfidentziak lanarekin egingo digu bisita; bertan, Realean, Rayo Vallecanon edo Real Union taldeetan aritutako futbolariak, hainbeste urtetan politikoki zuzena izan ostean, bere kirol ibilbidean izandako bizipenak kontatzen ditu zeharo lotsagabe.

Entrenatzaile ezagunez, taldekide eta adiskideez, maitasunaz, desamodioez, eginiko bidaiez, garaipenik gozoenez edo eta porrotik gazienez aritzen da ordu eta laurdeneko saioan.

Bigarrena, berriz, larunbata arratsaldean izango da. 16:00etatik aurrera, eskulan tailerra izango da Lopenen, Saldise plazan eta Gurutze Santuaren plazan. Hiru gune horietan, Olentzeroren panpinak egingo dira, auzoko puntu ezberdinetan jartzeko.
 

Arloa edo saila