Igandean, Alos Quartet soka laukoa Gezalan

Ar, 2015-05-12 10:49

Emanaldia maiatzaren 17an da, eta sarrerak salgai daude 5 eurotan

Lezoko Udaleko Kultura sailak antolatuta, datorren igandean, maiatzak 17, Alos Quartet soka laukotearen emanaldia izango da Gezala auditorioan 19:00etatik aurrera.

Alos Quartet 1999. urtean sortzen da, Et Incarnatus kamera orkestraren baitan. Taldea Xabier Zeberiok (biolina eta nyckelharpa), Francisco Herrerok (biolina eta biola), Lorena Nuñezek (biola) eta Pello Ramirezek (biolontxeloa eta akordeoia) osatzen dute.

Taldeak estudioko bi lan grabatu ditu: K (2003) eta 10 tanta (2009). Horretaz gain, kolaborazio ugari egin ditu zenbait artistekin: Kepa Junkera, Oskorri, Los Piratas, Bide Ertzean, Ken7 edota Joserra Senperena.

Sarrerak salgai
Maiatzaren 17ko emanaldirako sarrerak salgai daude ostiralera arte Kultura Aretoan eta igandean, emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago jarriko dira Gezalako leihatilan. Prezioa, 5 euro.

 

Arloa edo saila