Asteburuan, haurrentzako eta helduentzako antzerkiak

Az, 2015-11-18 08:35

Larunbatean, Kiliklon taldearen DJ Porru; eta igandean, Txaloren Datorren urtean hobeto

Lezoko Udaleko Kultura Sailak antolatuta, datorren asteburuan bi antzerki emanaldi izango dira Lezon. Larunbatean, azaroak 21, haurrei zuzendua, eta igandean, helduei zuzendua.

Kiliklon taldeak DJ Porru ikuskizuna taularatuko du Karlos Saldise plazan, 16:30etatik aurrera azaroaren 21ean. Bereziki haurrei zuzendutako ikuskizun dibertigarria da, familia giroan ondo pasatzeko. Ordubeteko emanaldian, abestiak kantatzeaz gain, dantzarako koreografiak erakutsiko zaizkie haurrei, baita beraiekin dauden gurasoei ere.

Emanaldia doan da.

Txalo antzerki taldea
Igandean, azaroak 22, helduen txanda izango da. Txalo antzerki taldeak Datorren urtean hobeto antzezlana eskainiko du Gezala auditoriumean 20:00etatik aurrera. Sarrerak 8 euro balio du; Kulturan eta Internet bidez eros daitezke.

Begoña Bilbaok zuzendua, Itziar Urretabizkaia, Ainhoa Garai eta Iraitz Lizarraga aktoreak ikusiko ditugu oholtza gainean.

Datorren urtean hobeto bizitzako pasarteak dira, bakarrizketa laburrak, pentsamenduak, kronikak, elkarrizketa motzak, zerbaiten hasiera, hainbat egoera,  kilikagarriak askotan, gure errealitatearen isla, harrika bidaltzeko moduko esamoldeak, apaingarri eta arinkeriatan ibili gabe.

Nahi adina emakume klase irudikatuko duten hiru aktore; umorez zipriztinduta eta ziria sartzeko prest. 


 

 

Arloa edo saila