Koordinazio sozio-sanitariorako protokoloa

Al, 2013-09-16 14:11

Helburua da Udaleko Gizarte Zerbitzuetako eta Lezoko Osasun Zentroko koordinazioa zehaztea

Ainhoa ZabaloLezoko alkateak eta Marisa Merino Hernandez Osakidetzako Gipuzkoako Kudeatzaile Zuzendariak koordinazio sozio-sanitariorako protokoloa sinatu dute gaur goizean Lezoko Udaletxean. Hitzarmenaren helburua da Udaleko Gizarte Zerbitzuetako eta Lezoko Osasun Zentroko koordinazioa zehaztea.

Lezoko Osasun Zentroak eta Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradunek osasun edo/eta segurtasun arazoak izan edo izateko arriskua duten pertsonen arretan parte hartzen duten agenteen arteko koordinazioa beharrezkoa delako sinatu da bi instituzioen arteko hitzarmena.

Helburu nagusiak bi dira. Batetik, kasuen antzematea bideratzeko modua jarri nahi da, helburuen eta jardunbide bateratuen definizioa elkarrekin identifikatuz. Bestetik, neurri sozial, sanitario edo beharrezkoak direnak egokitu eta aktibatu nahi dira, eta bide batez, jarraipena egin nahi da funtzionamendu egoki baterako.

Hitzarmenak eragiten die euren arazoa edo arrisku egoera modurik eraginkorrenean konpontzeko sistema sanitarioaren eta gizarte zerbitzuen esku-hartze bateratua behar duten pertsona edo familiei. Besteak beste, ahultasun eta arrisku egoeran dauden adineko pertsonak; gizarte bazterketa pairatzen dutenak; buruko gaitz larriak dituztenak,; babesgabetasun egoeran edo arriskuan dauden adingabeak edota genero indarkeriaren biktimak.

Lan metodologia

Gaur goizean sinatu den hitzarmenak lan metodologia zehatza jasotzen du. Horrela, antzemandako kasuren batean beste eragile batzuen esku-hartzea beharrezkoa bada, lehenengo urratsa izango da dagokion erakundeari arazoaren berri ematea ezarritako protokoloa jarraituz. Adibidez, Osasun Zentroko profesionalek identifikatzen badute kasua, Gizarte Zerbitzuetako arduradunarekin jarriko dira harremanetan; eta alderantziz gertatzen bada, Gizarte Zerbitzuko arduraduna Osasun Zentroko Unitate Buruarekin jarriko da harremanetan.

Bi instituzioek arazoaren berri daukatenean, honako gaiak informatu, jorratu eta erabakiko dira: kasua kudeatuko duen profesionala zehaztuko da, sistema bakoitzak kasuan aurrez egindako balorazioa eta esku-hartzea, elkarrekin jarduteko beharra aztertuko da, eta azkenik, kasuaren segimendua egiteko maiztasuna finkatuko da.

Hitzarmena amaitu berritan jakinarazi dutenez, protokoloaren funtzionamendua aztertzeko jarraipen batzordea osatuko dela. Dami Muñoz Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradunak eta Aitor Thalamas Lezoko Osasun Zentroko Unitate Buruak osatuko dute eta hiruhileko maiztasunez elkartuko dira.  

Arloa edo saila