Gabonetako Programazioaren balorazio positiboa

Al, 2015-01-26 09:19

Azpimarragarrienak San Tomas azoka, Olentzeroren opari banaketa, pailazoen emanaldiak eta Liburu eta Disko Azoka izan dira

Festa Batzordeak Gabonetako programazioaren balorazioa egin zuen joan den asteartean, hilak 20, egindako bilkuran. Herriko kultur eragileen eta udal ordezkarien esanetan, balorazioa “positiboa” da.

Batetik, antolatu diren ekitaldien kopurua aintzat hartzekoa izan dela ohartarazi dute. “Bi hilabetetan berrogeitik gora izan dira, askotarikoak gainera”. Kantitateaz haratago, kalitatezkoak izan direla azpimarratu dute. Eta gorabeherarik ez dela egon.

Guztien artean, lau nabarmendu dituzte: San Tomas azoka, Olentzeroren opari banaketa, pailazoen emanaldiak eta Liburu eta Disko Azoka. Ekitaldi horiek sustraitzen ari dira, parte-hartzea da horren adierazle. “Pirritx, Porrotx eta MariMotots ikusten ia 1.000 lagun elkartu ziren Bekoerrrotan; San Tomas azokan ere urtetik urtera jende gehiago biltzen da, Olentzeroren opari banaketan bezala”.

Liburu eta Disko Azokari aipamen berezia egin diote. “Jende asko ibili da eta salmentak onak izan dira, baina batez ere, herriko elkarteen inplikazioa goraipatu nahi dugu. Aurten, lehenengo aldiz, txandak antolatu dira Azoka zabaltzeko, eta nolabait esateko, Liburu eta Disko Azoka herritarren ondare bihurtzen ari da. Datorren urtean esperientzia errepikatzea da asmoa”.

Antzerkiaren beherakada
Balorazioa positiboa izan den arren, antzerki emanaldiak ikustera jende gutxi gerturatu da. Aurreko edizioekin alderatuta beherakada nabarmena izan da. “Harritura gaude, antzerki taldeen eta antzerki emanaldien maila ona izan delako. Eta aurreko urteetan ondo funtzionatu duelako. Arrazoiak aztertu beharko dira eta ondorioak atera”.
 

Arloa edo saila