2020rako ordenantza fiskalak onartu ditu udalbatzak

Or, 2019-09-27 11:25

Udal tasa eta zerga gehiengoak izoztuko dira. Salbuespen gisa igoerak izango dituzte: ibilgailuen zergak, EIOZ-ek, hilerriko tasek eta kiroldegiko dutxen prezioak.

Horrez gain, hainbat tasa berri ezarri dira herriaren eta herritarren behar berriei erantzuteko.

Gainerako aztergaien artean, halaber, EAEko administrazioari zuzendutako idatziak udal erregistroan aurkezteko lankidetza hitzarmena edota klima aldaketaren inguruko mozioa onartu dira.

Atzo arratsaldean ohiko osoko bilkura ospatu zuen Lezoko Udalak eta eguneko aztergaien artean, 2020ko ordenantza fiskalen onespena nagusitu zen. Aipatu dokumentuak EAJ-PNV eta PSE-EEk osatutako udal gobernuaren babesa jaso du, EH Bildu, aldiz, abstenitu egin da.

Udal gobernuak egindako proposamenak, beraz, aurrera egin du eta horren arabera, datorren urteari begira, udal tasa eta zerga gehiengoak izoztuko dira, helburu hartuta herritarren gaineko presio fiskala ahal den neurrian baretzea, betiere, gastu eta diru sarreren arteko oreka zainduz eta mantenduz.

Edozein kasutan, aurrez iragarri bezala, gastu eta diru sarreren atalak aztertuta, hainbat salbuespenak egongo dira. Horrez gain, tasa berriak ere sortu dira herriaren eta herritarren behar berriei erantzuna emateko helburuarekin.

Aldaketa izango duten zergak:

  • Ibilgailuen gaineko zerga: %1.5eko igoera (gutxi gora behera 1€-3€ bitarteko igoera urteko).
    • Era berean, %75era igo da ibilgailu elektriko eta hibridoen hobaria.
  • EIOZ (Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zerga): zerga hau egungo beharretara egokitu da. Horrela, udal teknikariek egindako proposamenari jarraiki, erabateko eraberritzeetarako (etxebizitza osoa) eta eraberritze partzialetarako (sukaldea, komuna, lur aldaketa, zurgindegi lanak…) oinarrizko balioak ezarri dira eta zerga balio horien arabera ordainduko da, orain arte bezala, %2.5eko balioan. Inolako tramitaziorik edota baimenik behar ez duten obretan, ordea, (pintaketa lanak, adibidez) %0.25 igoko da aipatu zerga. Egokitzapen horren bitartez, Udalaren helburua da kudeaketa eta jarraipen zorrotzagoa egitea alor horretan.

Aldaketa izango duten tasak:

  • Hilerria: orain arte, lezoarrek oso prezio baxua ordaindu dute hilerriko zerbitzuen truke. Ia erabiltzaile guztiek, ordea, aseguru etxe baten bitartez erabili dute aipatu zerbitzua, horrenbestez, aseguru etxea izan da, eta ez herritarra, prezio baxu horien onuraduna. Horregatik, aurrerantzean zerbitzuaren benetako kostua ordaindu beharko da eta asegururik ez dutenei edota beharra duten herritarrei laguntza eskainiko zaie Gizarte Zerbitzuen bitartez.
  • Kiroldegia:
    • Familia kuota 78.84€tatik 65.29€tara jaitsi da
    • Igerilekuko asteko bonoa 17,36€tatik 11.57€tara jaitsi da
    • Dutxa zerbitzua: bazkide ez direnentzat, 1.65€tatik 2.48€tara igo da, dutxa zerbitzuaren gastuaren eta kostearen arteko oreka mantentzeko.

Tasa berriak:

  • Garabien erabilerarako tasa
  • Industria gunetik kanpo dauden biltegi eta lantegientzat hondakin bilketa tasa
  • Kiroldegia
    • Pultsera berritzeko tasa
    • Aldageletako armairuko giltza berria eskuratzeko tasa
    • Pala, raketa edo pin-poneko pala alokatzeko tasa
    • Eskalatzeko materia alokatzeko tasa
    • Aldageletako armairua hilabetez alokatzeko tasa
  • Eguneko zentroa: bakoitzaren diru sarreraren arabera, erabiltzaileek 1€ eta 3€ bitarteko hileroko aportazioa egin beharko dute

 

Gainerako aztergaiak:

Ordenantza fiskalen behin-behineko onespenaz haratago, eguneko aztergaien artean, besteak beste, EAEko administrazioari zuzendutako idazkiak udal erregistroan aurkezteko lankidetza hitzarmenaren berritzea onartu du udalbatzak. Hitzarmenaren helburua da lezoarren eta administrazio publikoaren arteko harremanak erraztea eta lezoarrei, tramiteak egiteko erraztasunak eskaintzea.

Mozioak:

Mozioen atalean, onartuak izan dira klima aldaketaren harira EH Bilduk batetik eta EAJ-PNVk bestetik aurkeztutako testuak.

Horrez gain, EH Bilduk Nafarroako erdialdeko uholdeen harira aurkeztutako mozioa mahai gainean gelditu da, gaia hobeto aztertu eta laguntza eskaintzeko bideak eta baliabideak sakonago jorratzeko.

Arloa edo saila