2024 urteko udal egutegia osatzeko argazki lehiaketa martxan

Ar, 2023-10-31 16:52

Herriko toki edo momentu kuttunen argazkiak bidali beharko dira  parte hartzeko.

Lezoko Udala 2024 urteko egutegia prestatzen ari da. Mikel Arruti, Lezoko alkatearen hitzetan: “udal egutegia herritarrek bidalitako argazkiekin osatzea ekimen polita iruditzen zaigu.  Herriko toki edo momentu kuttunen irudiak bidaltzeko eskaera luzatu nahi diegu lezoarrei: Herriko plazak, festak, inauteriak, egunsentiak, mendiko bazterrak… Ehunka momentu eta irudi berezi erretratatu daitezke herrian”.

Betebeharreko baldintza guztiak eta parte hartzeko esteka: HEMEN.

12 finalista izango dira eta bakoitzaren argazkia hilabeteetako batean agertuko da. Honez gain, irabazlearen argazkia egutegiaren azalean agertuko da eta 200 euroko saria izango du herriko komertzioetan erosketak egiteko. Erosketa horien tiketak Kultura Saileko bulegoan aurkeztu beharko dira. “Herriko komertzioa sustatu nahi dugu. Herrian denetarik daukagu eta kalitate handiko dendak dira gainera” adierazi du Arrutik.

Argazkiek bete beharreko baldintzak

  • Argazkiak argitaratu gabeak eta beste lehiaketetan saritu gabeak izan behar dute.
  • Parte-hartzaile bakoitzak gehienez 5 argazki aurkeztu ahal izango ditu.
  • Argazkietan, lehenengo edo erdiko planoan, norbait azalduko balitz, pertsona horren baimen esplizitua aurkeztu beharko da eta egileak izango du erantzukizuna edozein erreklamazioren aurrean.

Argazkiak nola entregatu

  • Lezoko Udaleko webgunean egokitutako atalean.
  • Donibaneko kaleko Kultura sailean: Donibane kalea 2, 08:30etik 13:30era.

Argazkiak 2023ko azaroaren 30a bitartean aurkeztu ahal izango dira.

Aurkeztutako argazki guztiak web orriko aplikazioan azalduko dira.

Argazkiak JPG edo PNG formatuan aurkeztu behar dira, formatu horizontalean (etzanda).  Bestela, Euskara-Kultura sailaren bulegoetan ere aurkeztu daitezke paperean.

Argazkiak izenburua izan beharko du hura identifikatu ahal izateko eta erreferentzia bat edukitzeko. Argazkia noizkoa den, ikusten denaren deskribapena eta kokapen zehatza jarriko balitz, hobe.

Ezarritako artxibo formatua, euskarria edo tamaina errespetatzen ez duten argazkiak zuzenean baztertuko dira.

Epaimahaia

Epaimahaia argazkigintzarekin, arte munduarekin edo komunikazio arloarekin lotura duten pertsonek osatuko dute, eta hartzen duten erabakia apelaezina izango da.

Irabazleen berri ematea eta egutegien banaketa

Irabazleak, bakoitzari bere sariaren berri eman ondoren, www.lezo.eus web orrian, sare sozialetan eta komunikabideetan jakinaraziko dira abenduaren 2tik aurrera.

Abenduaren 13tik aurrera aukeratutako 13 argazkiak ikusgai izango dira webgunean eta Kultura Aretoan. Abenduaren 18tik aurrera egingo da egutegien banaketa. Hala ere, ale gehiago egongo dira udal bulegoetan eskuragarri.

 

Arloa edo saila