Portuaren modernizazioa, gobernantza eredu berria eta herritarren bizi-kalitatea erdigunean jarriko dituzten inbertsio publikoak aldarrikatu dituzte.
Lezoko alkate Mikel Arruti, Pasaiako alkate Teo Alberro eta Errenteriako alkate Aizpea Otaegi gaur goizean Pasai Donibanen elkartu dira prentsarekin, 2023an aurkezturiko Etorkizuneko Badia dokumentuaren indarraldia berresteko eta Pasaiako Portu Agintaritzaren (PPA) eskumenen transferentzia aldarrikatzeko. Hiru alkateek azpimarratu dute duela hiru urte aurkeztutako proposamenek gaurkotasun osoa dutela eta, gainera, beharrezkoak direla badiaren etorkizun sozial, ekonomiko eta ingurumenekoa bermatzeko.
Agerraldian defendatu dute Pasaiako badiak ezin duela XIX. mendeko logikekin funtzionatzen jarraitu, eta premiazkoa dela portu-hiri eredua XXI. mendeko erronketara egokitzea. Zentzu horretan, alkateek nabarmendu dute portuaren modernizazioa herritarren bizi-kalitatearekin, deskarbonizazioarekin eta jarduera ekonomikoaren lehiakortasunarekin uztartu behar dela.
Lezoko alkateak kamioien trafikoaren arazoa jarri du mahai gainean, eta gogorarazi du 2023ko dokumentu hark jada planteatzen zuela trafiko astuna herriguneetatik bereizteko beharra. Ildo horretan, berriki aurkeztu dute eskualdeko alkateek Lezo eta Oiartzungo industrialdeak gaitasun handiko errepideekin zuzenean lotzeko proposamen integrala. Era berean, portuko salgaien %90 kamioi bidez mugitzen jarraituko dela aurreikusita dagoenez, alkateek ezinbestekotzat jo dute porturako sarbide berri bat garatzea.
Arrutik gaitzetsi du, halaber, Planta Logistikoaren proiektuaren “ezegokitasuna”, eta gogorarazi du eskualdeko lau udalerriek eta hainbat alderdi politikok jarrera partekatua adostu zutela proiektu horren aurka. Alkatearen hitzetan, “ez da zilegi beldurrarekin politika egitea. Portuko trafikoa ezin da herritarren bizkar antolatzen jarraitu; badiak behar dituen irtenbideek etorkizuneko ikuspegia behar dute, ez iraganeko errezetak”.
Bestalde, Pasaiako alkateak gogorarazi du urte luzez egindako eskaeren, herritarren presioaren eta lege-betebeharren ondorioz hasi dela Pasaiako portua neurri batzuk martxan jartzen, hala nola kaien elektrifikazioa. Alberroren hitzetan, “neurri horrek deskarbonizazioan ez ezik, zarata gutxitzean eta herritarren bizi-kalitatean ere eragin zuzena du, baina hamarkada bateko atzerapenarekin dator”. Ildo berean, adierazi du badiako alkateek eskatu bezala airearen, zarataren eta uraren kalitatea neurtzeko sistema iraunkorrak portuko plan estrategikoan txertatu izana “urrats bat” dela, baina mahaigaineratu du orain arte kutsaduraren kontrola herritarren kexen menpe egon dela: “Modernizazioa ezin da propaganda hutsa izan, herritarren bizi-kalitatean benetako eragina izan behar du”.
Pasaiako alkateak gobernantzaren auzia ere jarri du erdigunean, eta PPAri udal eskumenak errespetatzeko eskatu dio. Gogorarazi du beste portu-hiri batzuetan udalerriek protagonismo handiagoa dutela portuaren inguruko erabakietan, eta Pasaiak ez duela “gutxiago merezi”.
Errenteriako alkateak, bere aldetik, ezinbestekotzat jo du portuaren eta ondoko herrien arteko gobernantza eredua aldatzea. Otaegiren arabera, portuaren eta herritarren interesak ez dira kontrajarriak: “portuko langile eta operadoreekin egon gara, eta haiek planteatzen dituzten neurri askok bat egiten dute herritarrek eskatzen dituztenekin, eta portuak bere plan estrategikoan planteatutakoaren kontra doaz”.
Hiru alkateek defendatu dute portuaren eskumenen transferentzia funtsezkoa dela beharrezko inbertsio publikoak bizkortu ahal izateko. Era berean, Jaurlaritzari eskatu diote Berpiztu funtsa berraktibatzeko, badiak oraindik eraldaketa handiak behar dituela iritzita.
Azkenik, alkateek nabarmendu dute Pasaiako Portuak euskal ekonomian paper estrategikoa duela eta ekonomia urdinarekin, deskarbonizazioarekin eta jarduera berritzaileekin lotutako aukera berriak ireki behar dituela. Horretarako, portuko espazioak jarduera berritzaileak eta enplegu berriak sustatuko dituzten enpresen eskura jartzea galdegin dute.