Bidegorriaren hurrengo zatia eraikitzeko hitzarmena sinatu du Udalak Foru Aldundiarekin

Ar, 2018-04-17 13:58

Kasu honetan ere, Aldundiak lanen %85a finantzatuko du eta gainerako %15a Udalak hartuko du bere gain. Halaber, hitzarmen honen baitan ere, Aldundiak kiroldegi alboan eraikiko den igogailuaren kostuaren zati bat ordainduko du. Bidegorria guztiz amaitzeko geratzen den azken zatia Foru Aldundiak bere osotasunean ordainduko du

Foru Aldundiak eta Oarsoaldeko udalek elkarlana sendotu dute 2 milioi euro inguruko kostua izango duten jarduerak jasotzen dituen hitzarmena sinatuz.

Udalerri bakoitzarekin sinatutako hitzarmenak Gipuzkoako Foru Aldundia, legealdiaren hasieratiklau udalerrien parte-hartzearekin eta adostasunarekin lantzen ari den eskualde-estrategiaren barruan kokatzen dira. Hori guztia, duela gutxi Aldundiak behin betiko onartu zituen eta jada indarrean dauden Portuaren Plan Berezian aurreikusitako proiektuekin eta ekimenekin osatzen da. Akordio hauek erakunde arteko lankidetza indartzen dute eta eskualdea biziberritzea dute helburu, jasangarritasuna arlo sozialean, ingurumen arloan eta arlo ekonomikoan txertatuz. Hitzarmen hauek bat datoz Europako Agenda Hiritarrak zehazten dituen ekintza-ardatzekin; hiri-biziberritzea, jasangarritasuna, mugikortasun iraunkorra, ekipamenduak eta enplegua.

Markel Olano Diputatu Nagusiaren eta Marisol Garmendia Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatuaren hitzetan, eskualdearen biziberritzea 2015-2019ko Kudeaketa Plan Estrategikoaren helburuetako bat da, “zonalde estrategikoa eta boteretsua da etorkizunera begira gure lurraldearentzat, eta legealdi hasieran gure gain hartu genuen hitzarmena eta konpromisoa betetzen ari gara. Biziberritzea martxan da eta proiektu eta ekintza konkretuak bultzatzen ari gara eskualde osoan. Hitzarmenetan aurreikusitako inbertsio guztiek dute helburu herritarren egunerokotasuna eta bizi kalitatea hobetzea”.

203.538 euroko diru laguntza Lezora

Jesus Mari Martiarena alkateak sinatutako hitzarmenari esker, Lezok 230.538 euroko diru laguntza jasoko du aurten Lezo eta Donibane lotuko dituen bidegorriaren bigarren zatia egiteko.

Jakina denez, obra hiru zatitan dago banatua. Dagoeneko, herritik gertuen dagoen zatiko lanak amaituak daude eta gainerako bi faseak eraikitzea falta da. Aipatu diru laguntzaren bitartez, hurrengo zatiaren eraikuntzari ekingo zaio eta herriko irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko helburuarekin kiroldegi alboan eraikiko den herriko lehen igogailuaren obraren zati bat ere ordainduko da.

Bidegorriari dagokionez, kasu honetan ere, lehen zatiarekin gertatu bezala, Foru Aldundiak bidegorriaren 2.zati honen %85a finantzatuko du eta gainerako %15a Lezoko Udalak ordainduko du. Azken zatiaren kasuan, aldiz, obren kostu osoa bere gain hartuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Arloa edo saila