COVID-19ak eragindako itxialdiaren ondoren, lehen ohiko osoko bilkura ospatu zuen ostegunean Lezoko Udalak

Al, 2020-06-01 15:43

Udalbatzako kideen artean segurtasun distantzia mantentze aldera, osoko bilkura Gezala auditorioan egin zen.

Eguneko aztergaien artean, hainbat kontu-emateez gain, 2019ko aurrekontuen likidazioa onartu zen, 1.169.497,61€ko kreditu-gerakinarekin, baita gurasotasun baimenak 18 asteetara parekatzeko diktamena, ordenantza fiskalen aldaketarako diktamena edota 2020. urteko Plantilla Organikoaren eta Lan Postu Zerrendaren aldaketa onartzeko diktamena ere.

Mozioen atalean bi izan ziren mahai gainean jarri ziren gaiak, adinekoen arreta batetik eta Foru Aldundiak Udalei egiten dien diru-banaketaren %20ko murrizketa.

COVID-19ak eragindako itxialdiaren ostean, ostegunean ospatu zuen Lezoko Udalak lehen osoko bilkura, hori bai, Gezala auditorioan, udalbatzako kideen artean segurtasun distantzia bermatzeko.

Eguneko aztergaien artean, hainbat kontu-emate egon ziren; besteak beste udal zerga eta tasen ordainketan lezoarrei malgutasuna eskaintzeko alkate dekretuz onartutako egutegi fiskalaren  berri eman zen, baita udal aurrekontuan egindako hainbat kreditu aldaketen edo  2020-2023 diru-laguntzen plan estrategikoaren onarpenaren berri ere. Horrez gain, 2019ko udal aurrekontuaren likidazioaren behin betiko onarpenaren berri ere eman zen. Horren arabera, 2019ko jarduera ekonomikoa 1.169.497,61€ko kreditu-gainerakinarekin itxi da eta diru hori 2020ko aurrekontuan txertatu du Udalak.

Era berean, kontziliazioaren alorrean urrats bat emate aldera eta Eudel-ek ezarritako oinarriei jarraiki, bi gurasoentzat gurasotasun baimena parekatu eta 18 astekoa izateko diktamena onartu zen. Ogasun arloan, halaber, ordenantza fiskalen baitan herriko hilerriaren, lizentzia urbanistikoaren eta Musika Eskolako zerga eta tasen aldaketak onartu ziren. Lehen kasuan, herriko hilerrian, “Panteoiak” deituriko kuota berria ezarri da (95,04€), bigarrenean, etxebizitza edo lokal bakoitzaren lehen okupazioari dagokion %5eko kuota berria txertatu da eta Musika Eskolari dagokionean, 2020-2021 ikasturterako tasa eta hobariak onartu dira.

Azkenik, 2020. urteko Plantilla Organikoaren eta Lan Postu Zerrendaren baitan onartutako behin-behineko aldaketen baitan, udaltzaingoko agente postuei eta Kontuhartzailetza, Errenta, Zerga-bilketa eta Gizarte Ongizateko administrari postuei 3. hizkuntza eskakizuna jartzea eta postu baten izen aldaketa (Brigadako ofiziala Ur Zerbitzuen arduradun deitzera pasako da) onartu eta administrari plaza bat hutsik deklaratu zen.

Mozioak

Mozioen atalean, halaber, bi gai nagusitu ziren, adinekoen arreta batetik eta Foru Aldundiak Udalei egiten dien diru-banaketaren %20ko murrizketa bestetik.

Adinekoen arretaren harira, Gipuzkoako Senideak elkarteak lehen mozio bat aurkeztu zuen eta EAJ-PNV eta PSE-EEk mozio alternatiboa aurkeztu zuten. Bietan Gipuzkoan adinekoentzako eguneko zentro eta egoitzetan bizi diren lan gatazkak izan dira kezka nagusia, bietan noski, adinekoen arreta lehenetsiz. Udalbatzak EAJ-PNV eta PSE-EEren mozioa onartu zuen eta horren baitan ondorengo puntuak onartu zituen:

  1. Lezoko Udalak bere kezka adierazten du adinekoentzako eguneko zentro eta egoitzetan irekita dagoen lan-gatazkagatik, gatazkak luze irauteak zerbitzua gauzatzerakoan erabiltzaileen eta haien senitartekoen artean eragin ditzakeen gorabeherak direla eta.
  2. Lezoko Udalak lan-gatazka honetan inplikatutako sindikatuetako eta patronaletako eragile guztiei eskatzen die bilatzeko gatazka amaituko duen akordio bat, Gipuzkoako adinekoentzako egoitza zentroen lan hitzarmenaren negoziazio mahaiaren esparruan.
  3. Lezoko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio bereziki greba aldietan eta haren ikuskaritza-zerbitzuen bitartez, zaintzeko ematen den zerbitzuaren kalitatea eta greba deialdietan parte hartzen duten zentroetan ezarritako utzieneko zerbitzuak betetzen direla bermatzea.

Aldundiari Udalei egiten dien diru-banaketaren %20ko murrizketaren inguruan, halaber, EH Bilduren udal taldeak bere mozioa aurkeztu zuen eta kasu honetan ere, EAJ-PNV eta PSE-EEk mozio alternatiboa jarri zuten mahai gainean. Azken biek aurkeztutakoa izan zen azkenik onartutako mozioa eta horren baitan, ondorengo eskaerak luzatzen ditu Lezoko Udalak:

  1. Eskatzea Gipuzkoan elkarrizketarako mahai instituzional bat sor dadila Foru Aldundiaren eta EUDELen Gipuzkoako Lurralde Batzordearen artean, lurralde eremu instituzionaletatik krisiari erantzuten dioten ekimen eta planetan koordinazioa bultzatzeko, lankidetza eraginkorra garatuz, herritarrentzat erakundeen arteko gobernantza hobeago bat lortzeko.
  2. 3/2020 Foru Dekretu Arauak Finantzen Lurralde Kontseilua aipatzen du azaroko konturako entrega jorratzeko. Hala ere, euskal erakunde-mailen arteko finantza harremanak arautzen dituzten krisialdiaren intentsitatea eta arrisku partekatuaren printzipioa dela eta, inoiz baino ehiago, beharrezkoa da egoera ekonomikoari, diru bilketaren aurreikuspenei eta Udalen egoerari buruzko informazioa maiztasun handiagoz partekatzea. Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diogu Finantzen Lurralde Kontseilua hiru hilean behin deitzeko.
Arloa edo saila