Hasi dira bidegorriaren bigarren zatia eraikitzen

Og, 2019-01-10 15:17

Astelehenean moztu zuten Lezotik Donibanera doan errepidea bidegorriaren lanei ekiteko

Gabon oporren aurretik prestakuntza lanei ekin zitzaien eta astelehenean bertan errepidea moztu zen bidegorriaren 2.faseari hasiera emateko. Gauzak horrela, hasi dira bidegorriaren bigarren zatia eraikitzen eta obren ondorioz, errepideko errai bat itxia mantenduko da lanek irauten duten bitartean.

Herritik gertuen dagoen faseko lanez arduratu zen enpresa berak, Sasoi Eraikuntzak, egingo ditu oraingoan ere bidegorriko bigarren zatiari dagozkion lanak. Bidegorriaren eraikuntzak helburu du pertsonen segurtasuna, mugikortasuna eta ongizatea hobetzea eta herritarrei oinez zein txirrinduz ibiltzeko eremu egokiagoa eskaintzea. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lezoko Udalak sinaturiko hitzarmenaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak ordainduko du lanen %85a eta gainerako %15a Udalak ordainduko du. Bidegorriko lehenengo zatia eta konplexuena, Donibanetik gertuen dagoena alegia,  Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du osotasunean.

Bidegorriaren bigarren zatia amaitzen denean, lehenengo zatiarekin hasiko da Gipuzkoako Foru Aldundia, eta horrela bukatutzat emango dituzte Lezo-Donibane arteko bidegorriaren obrak.

Arloa edo saila