Hilaren 5ean piztuko dira Eguberrietako argi-apaingarriak

Al, 2019-12-09 10:15

Aurten lehen aldiz pizte ekitaldi berezia antolatu du Udalak 18:00etan Gurutze Santuaren Plazan.

Era berean, urtero bezala, Eguberrietako argi-apaingarrien bitartez, kaleko giroa alaitzea eta tokiko merkataritza sustatzea du helburu Udalak.

Ia gainean ditugu Gabonak eta 2016an geroztik egin bezala, Udalak, herriaren luze eta zabalean Eguberrietako argi-apaingarriak jarri ditu Lezo zein lezoarrak gabon giroan murgiltzeko helburuarekin.

Horiek horrela, herriko hainbat elementu apaindu dira, hala nola zuhaitzak edota farolak  eta udaletxe parean ere Eguberrietako zuhaitza jarri da.

Argi-apaingarriak, hortaz, datorren ostegunean, abenduaren 5ean, piztuko dira arratsaldeko 18:00etan. Aurtengoan, baina, pizte ekitaldi berezia antolatu du Udalak lehen aldiz.

Gauzak horrela, aurten Aiton Bordako presidentea izango da Gabonetako argiak piztearen arduraduna. Asmoa da aurrerantzean, urtetik urtera herriko eragile edota elkarte bat izatea argiak piztearen arduradun eta protagonista.

Era berean, arratsaldeko 20:00etan Jaixkipe txarangak Lezoko kaleak alaitu eta girotuko ditu. 

Erosketak, tokiko merkataritzan

Aipatu apaingarrien bitartez, kaleak girotzeaz haratago, Eguberrietako erosketak tokiko denda eta saltokietan egitea sustatu nahi da Udaletik. Izan ere, bertako saltokientzat garai berezia izaten da hau; bertako saltoki eta saltzaileek bizia ematen diete gure kaleei Eguberrietan, baina baita urteko gainerako egun guztietan ere, horregatik kale argiztapenaren bitartez herritarrei bertako saltokietan kontsumitzeko deia egin nahi zaie tokiko merkataritzaren garrantziaz kontzientzia har dezaten, guztioi baitagokigu bertakoa, tokikoa babestea eta zaintzea. 

Arloa edo saila