Joan den apirilaren 18an, Lezoko eragile desberdinak elkartu ziren lehen aldiz Lezo herri hezitzaile bilakatzeko asmoz

Or, 2024-04-26 11:17

Herri hezitzaile izateak hezkuntza etxeetatik eta ikastetxeetatik haratago eramatea esan nahi du; aisialdian, jardueretan, kalean eta hainbat eta hainbat eremutan ere hezkuntzak hartu behar du bere lekua, eta honetan ardura eta erantzukizuna dugu Lezoko herritar, eragile eta erakundeok.

Lezo herri hezitzaile egiteko bide horretan Lezoko Udaleko udalbatzak 2024ko martxoaren 26an Lezo Oinherri elkarteko bazkide-laguntzaile egiteko erabakia hartu zuen eta ondorioz, herri hezitzaileen sarean parte hartuko du aurrerantzean.   Horrela, Lezo herri hezitzaile bilakatzeko prozesua habian jarri da Oinherri elkartearen eskutik.

Prozesuak hiru saio izango ditu, Oinherri elkartearen gidaritzapean. Lehenengo saioan, prozesuan parte hartzera deitutakoek herri hezitzailearen ikuspegitik egun Lezoren abiapuntua eta gaurko egoera zein den aztertu zuten, eta diagnosia egin. Aurrerantzean, datozen saioetan, Lezoren helmuga definitzen saiatuko dira eta helmuga horretarako baliabideak identifikatzen.

Bilera deialdiak erantzun oparoa izan zuen, guztira 18 lagun elkartu zirelarik. Bertan izan ziren, herriko ikastetxeak, guraso elkarteak, haur eta gazteen aisialdiaz arduratzen diren eragile desberdinak eta udal ordezkariak. Halaber, lehenengo saio horretatik ateratako ondorioak ere positiboak izan ziren eta prozesuaren emaitza ere aberasgarria izatea espero da, Lezo herri hezitzaile egin arte.

Arloa edo saila