Langabezia tasa %2.1 jaitsi da Lezon azken lau urteetan

Or, 2020-01-31 10:04

Egungo langabezia tasa %8.9koa da eta eskualdeko %9.5eko zifraren azpitik dago; 286 lagun dira gaur egun lanik gabe daudenak Lezon.

Udalak enplegua bultzatzearen aldeko apustu irmoa egiten jarraitzen du, eta horri esker, azken urtean, programa ezberdinen bitartez 11 lanpostu berri eskaini ditu.

2019 urtea oso datu esanguratsu eta positiboekin itxi du Lezok langabeziari dagokionean. Izan ere,  2015az geroztik, langabezia tasa %2.1 jaitsi da herrian eta gaur egun %19 pertsona gutxiago daude lanik gabe. Datu horiek, beraz,  herriaren garapenaren eta Udalak alor horretan egindako esfortzuaren adierazle nagusiak dira.

Gauzak horrela, Lezon gaur egun 286 pertsona daude langabezian (111 gizon eta 175 emakume), duela lau urte baino 67 pertsona gutxiago. Langabezia tasa, halaber, %8.9koa da, eskualde mailakoa baino baxuagoa (%9.5) eta lurralde mailako bataz bestekoaren ia parekoa (%8.8).

Lan aukera berriak sortzen

Ekonomia eta enplegua gizartean eta bereziki pertsonengan eta haien ongizatean eragiten duten bi gairik garrantzitsuenetarikoak direla jakinik, tokian tokiko ekonomia zein enplegua sustatzea eta lezoarrei lan aukera berriak eskaintzea lehentasunezkoa da udal gobernuarentzat.

Horregatik, aurreko legealditik, Udalak kontu-sail bat bideratzen du urtero Oarsoaldea Garapen Agentziara, Lezoko Enplegu Plana zein beste hainbat egitasmo eta programa sustatu eta bultzatzeko.

Horien artean esanguratsuak dira, besteak beste:

  • Ereiten: gizarte bazterkeria egoeran dauden pertsonei zuzenduta
  • Badia Berri intserzio enpresa: gizarte bazterkeria egoeran dauden pertsonei zuzenduta
  • Proiektu bereziak: gizarte bazterkeria egoeran dauden pertsonei zuzenduta
  • Hazilan: gazte kualifikatuen lan merkaturatzera zuzenduta
  • Formazio okupazionala: pertsona langabetuei zuzenduta

Programa horietan eskualdeko udalerri guztiek hartzen dute parte, baina horiez haratago, Lezon Kokatu egitasmoa ere garatzen da. Kokatu programaren bitartez, gizarte zerbitzuetatik bideratutako pertsonek tokian tokiko enpresetan lan egiteko aukera izaten dute.

2019an 11 lanpostu berri

2019an zehar, aipatu programen bitartez, 11 lanpostu berri eskaini ahal izan ditu Lezoko Udalak: 2 Enplegu Planaren bitartez, 3 Lanbideko Enplegu Planaren bitartez, 3 Gazte Enplegurako Talka Planaren bitartez eta beste 3 Kokatu programaren bitartez.

Zifra horiek guztiak, beraz, programa horien martxa onaren adierazle dira eta horiek zein langabeziaren tasaren eboluzioa kontutan hartuz, Udalak, enplegua eta ekonomia sustatzearen aldeko apustua berretsi du eta datozen lau urteotan, ekindako bideari jarraipena eman eta programa, ekimen eta egitasmo berriak martxan jarriko dituela adierazi du, lezoarrei lan aukera berriak eskaini eta haien bizi kalitatea hobetzen eta bermatzen jarraitzeko.

Arloa edo saila