Lezoarrek kiroldegian bozkatuko dute datorren uztailaren 12an

Al, 2020-07-20 10:31

COVID-19ak eragindako egungo egoera dela eta, segurtasun neurri eta distantziak bermatze aldera, kiroldegiko pista egokituko da lezoarrek bertan bozka dezaten.

Edozein kasutan, Udalak botoa aurrez etxetik prestatuta emateko gomendioa luzatu die herritarrei.

Datorren uztailaren 12an EAEko hauteskundeak ospatuko dira. Hauteskunde horiek, baina, segurtasun eta osasun neurri zorrotzen pean egingo dira, COVID-19ak eragindako egoera dela eta.

Horretarako, Lezoko Udalak kiroldegiko pista egokituko du eta bertan kokatuko ditu bozkatzeko mahaia guztiak. Izan ere, aipatu pistak, espazio itxia izan arren, mahaien arteko segurtasun distantzia bermatzen du, baita mahaikideen edota bozkatzera doazen herritarren arteko segurtasun distantzia ere.

Era berean, pistara sarrera eta irteera leku ezberdinetatik egingo dira; sarrera, hain zuzen, Hipolito Gezala kaleko zubitik edota kiroldegi aldameneko bidegorriaren eremutik abiatuta zuzenean pistara doan atetik egingo da eta irteera, aldiz, ohiko sarrera atetik, hau da, Altamira igogailuaren aldameneko atetik. Hipolito Gezala kalean, gainera,  txandakako aparkalekuak ere jarriko dira. Horrez gain, noski, pistara sartzeko ezinbestekoa izango da maskara jantzita izatea eta eskuak bertan egongo den gel hidroalkoholikoarekin garbitzea.

Edozein kasutan, Udalak herritar bakoitzari bozkatzeko egokitu zaion mahaia aurrez jakitea eta ahal den neurrian botoa etxetik prestatuta ematea gomendatzen die lezoarrei, modu horretara jende ilarak edota pilaketak ez sortzeko eta saihesteko.

Arloa edo saila