Mendekosteetako barraketan euskara eta inklusioa nagusi

Az, 2026-05-20 14:18

Lezoko Udalak eta Mendekosteetan parte hartuko duten ferialariek hainbat neurri adostu dituzte aurtengo Mendekosteetan ere atrakzioen gunea euskaldunagoa, inklusiboagoa eta herritar guztien gozamenerako gunea izan dadin.

Neurri horiekin barraken eremuan euskararen presentzia indartu, ingurumenarekiko ardura sustatu eta herritar ororen ongizatea bermatu nahi dituzte antolatzaileek.

Mikel Arruti Lezoko alkateak azpimarratu duenez, Mendekosteak herritarren arteko topagune eta ospakizun kolektiboa dira, eta horregatik herriko gune guztiek balio horietan oinarritzea ezinbestekoa da. “Jaietako giroa ez dute ekitaldiek bakarrik sortzen; barrakek, kaleek eta herriko gune ezberdinek ere egiten dute. Horregatik, nahi dugu aisialdi eremu horiek ere errespetuan, euskaran eta bizikidetzan oinarritzea”, adierazi du.

Adostutako neurriak honako hauek dira:

  • Prezio finkoa: bidai bakoitzak 2,5 € balioko ditu atrakzio guztietan, eta 5 bidaiko bonuak 10 €.
  • Umeen eguna: Astelehenean (maiatzak 25), umeen eguna izango da eta egun horretan bidaia bakoitzak 1,5 € balioko ditu. 
  • Ingurumena zaintzea: atrakzioak jartzen diren eremuaren ingurua ahalik eta garbien mantentzeko, Lezoko Udalak zabor ontziak jarriko ditu festak iraun bitartean. 
  • Musika euskaraz: eremuan musika jarrita egoten da denbora luzez, eta bertan entzungo diren abestien %80 euskaraz izango dira. 
  • Tarte inklusiboa: egunero, 16:30tik 17:30ra bitarte, atrakzioen gunean ez da musikarik ez eta soinu ozenik egongo. Horrela, pertsona autistek edo entzumen-hipersentikortasuna duten pertsonek ere barraketaz gozatzeko aukera izan dezakete.

Lezoko Udalak jai eredu inklusiboago eta herrikoiago baten alde egiteko adostu ditu neurri hauek ferialariekin, eta Mendekosteetako aisialdi guneetan ere herriko izaera eta balioak indartzeko balio dute. “Pozgarria da urtez urte pauso berriak ematea, denek jaiak modu atsegin eta berdintasunean bizi ahal izateko”, nabarmendu du alkateak.

Arloa edo saila